Koteto Ezkurrak Kasino Kursaaleko finala jokatuko du Migel Mari Urrutiaren aurka eskuratutako bigarren garaipenari esker. Finalerako bigarren txartela Saldiasko pilotaria eta Patxi Zeberioren artean jokatuko da larunbatean.
Ortzegunean Galarretan jokatutako partidan Doneztebearrak ez zuen aparteko zailtasunik izan Saldiasko gaztea menean hartzeko 35 eta 24. Bertze behin ere hoberena zela argi erakutsi zuen dituen baliabide guziak erabiliz. Sakez zortzi sartu zizkion, eta Urrutiak aldiz bat baizik ez. Alta saldiastarrak horrekin kontatzen zuen tanto batzuen ateratzeko, baina ortzegunean sakeei ederki erantzuten zien Ezkurra baten aurka tokatu zen, eta partida osoan ez zuen arrisku handirik sortzea lortu.
Aipatu bezala finalerako bigarren txartela Patxi Zeberio eta Migel Mari Urrutiaren artean jokatuko da larunbatean. Biek ez dute huts egiteko aukerarik irabazten duena pasatuko baita finalera.