Iraila herri kirolez betetako hilabetea izanen da

TTIPI TTAPA 2007ko abu. 24a, 13:47

Hogeita bederatzian Nafarroako Herriz Herri Txapelketaren finala jokatuko da Igantzin

Irailerako hainbat herri kirol txapelketa antolatu dira, tartean, irailaren 29an Igantzi jokatuko diren Nafarroako Herriz Herri Txapelketaren finala eta Nafarroako Emakumeen Arpana Txapelketa.

Hasteko irailaren 1ean Nafarroako Herriz Herri txapelketaren laugarren jardunaldia jokatuko da Berriozarren arratsaldeko 18:00etatik aitzinera. Ingudeak, txingak eta harri-jasotzea biltzen dituen proban ligako bertze jardunaldi bat baizik ez bada izanen, koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, korrika eta arpana biltzen dituen proba konbinatuan, bertan erabakiko dira finala jokatuko duten hiru taldeak. Biharamunean, irailaren 2an, Zuberoko Atharratzen, Euskal Herrialdeetako Herri Kirol Txapelketa jokatuko da. Aizkoran ere, hitzordu garrantzitsu batzuk iraganen dira heldu den hilabetean. Alde batetik hilaren 16an, Nafarroako 2. Mailako Aizkolari Txapelketaren finala jokatuko da Altsasun, eta bertzaldetik, aste bat beranduago, irailaren 23an, Nafarroako 1. Mailako Aizkolari Txapelketa Uharte Iruñean. Iraileko herri kirolen azken hitzordu nagusia eskualdean izanen da, Igantzin hain zuzen ere, bertan jokatuko baita Nafarroako Herriz Herri txapelketaren finala eta Nafarroako Emakumeen Arpana Txapelketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun