Goiz goizetik gogotik egin badu ere euriak ez du aparteko eragozpenik eragin ortzegunean. Han-hemenka putzu batzuk sortu dira errepidean baita erreka batzuk ere, baina denak neurri ttikikoak. Ibai eta ohiko errekak handitu dira, baina gainezka egin gabe. Eguerdian punturik larriena Berako Legia karrikan zegoen. Bi egun lehenago bezala, gaineko mazelatik zetorren urak pisu eta saltokietan sartzea mehatxatzen zuen, eta horregatik herriko su-hiltzaileak bideratu behar izan zuten Zia errekaraino. Bertaratu garenean Juan Ramon Pikabeak su-hiltzaileak erran digunez denak kontrolpean zuten eta eguraldiak txarrera ez bazuen egiten ez zuten bestelako lanik izanen.