Sustoa Larrungo mazeletan

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 22a

Helikopteroak eragindako kalteen ondorioz trena 24 orduz geldirik egon behar izan du

Joan den astelehenean, helikoptero istripu larria izan litekeena guttigatik saihestu zuten Larrungo mazeletan. Hala ere eragindako kalteengatik trenak geldirik egon behar izan du.

Zauritua zegoen pertsona baten bila zebilen jendarmeriaren helikopteroak trenaren argi indarreko hariak jo zituen pilotuaren hutsegite baten ondorioz. Hariak moztu bazituen ere, helikopteroa ez zen bertan erori, baina hegalak hondatuak zituela larrialdietarako lurreratzea egin behar izan zuen Azkaineko hilerritik hurbil. Zorionez gertaera zauritu gehiagorik gabe bukatu zen.

Ezbeharra gertatzean, arratsaldeko 15:00ak aldean, 150 bat turista gelditzen ziren Larrun kaskoan. Hauen jaisteko treneko langileek behin-behineko konponketa egin zuten, eta 18:00etarako denak San Inazion zeuden. Argi indarreko haria behar den bezala konpontzeko langileak orduak pasatu zituzten, eta astearte eguerdiko 13:30ean trafikoa normaltasunera itzuli zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun