Astearteko euriteek hainbat traba eragin dituzte eskualdean. Prezipitazio gehien izan duen eguna izan da, eta tenperaturen aldetik azken bi hilabete hauetako hotzenak izan dira.
Euriteek eragindako kalteek eta trabek ez dute deus ikustekorik maiatzaren hasieran izan zirenekin, baina han-hemenka eragozpenak sortu ditu, eta su-hiltzaileak behin baino gehiagotan atera behar izan dute. Etxalarren arratsaldeko 15:00ak aldean Tximista errekak gainezka egin zuen, eta 19:00ak arte honen gainaldean dauden lau baserriak errepiderik gabe utzi zituen. Horrez gain, eskualdeko bertze 3 errepidetan arriskutsuak izaten ahal ziren putzuak sortu ziren, N-121-A errepidean Sunbilla eta Lesakaren artean, NA-170 errepidean Iturenen, eta NA-4000 errepidean Lesaka eta San Antonen artean. Azkenik Berako hainbat karriketan suhiltzaileak garbiketa lanak egin behar izan zituzten urak mugitutako lohiagatik.
Prezipitazioak, maiatzeko uholdeetan baino ordu gehiago iraun zuten baina hain azkarrak ez ziren izan. Hala ere, meteorologiako estazioetan neurtutakoak nahiko adierazgarriak izan ziren. Lesakako San Antonen metro koadroko 112 litro bota zituen 12 orduz, Donezteben 103l eta Iruritan 56l. Tenperaturei dagokionez uda guziko hotzenak izan ziren. Doneztebeko altuena 16 gradukoa izan zen eta Goramendikoa 9 gradukoa.