Igantziarrak garaile Herriz Herri Txapelketaren 3. jardunaldian

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 21a

Berriozarkoek atsedena zutela aprobetxatu zuten bi probetan nagusitzeko

Nafarroako Herriz Herri txapelketak aitzinera segitzen du, eta joan den igandean hirugarren jardunaldia jokatu zen Burlatan. Ezusterik gabe bi proba konbinatuetan igantziarrak nagusitu ziren.

Koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, korrika eta arpana biltzen dituen lehen proba konbinatuan, igantziarrek Berriozarkoak bertan ez zeudela aprobetxatu zuten nagusitzeko. Lan guzien betetzeko 22 minutu eta 21 segundo behar izan zituzten. Garraldakoak ez ziren urrun ibili baina proba bukatzeko bertze 6 segundo behar izan zituzten, 22 minutu eta 27 segundo hain zuzen ere. Lehen jardunaldian bezala Basaburuko taldeak 3. postuan bukatu zuen 24 minutu eta 3 segundoko denborarekin. Gure Txokoako taldeak azken postuan gelditu zen denbora nahiko kaxkarra eginez, 26 minutu eta 58 segundo.

Aipatu bezala bigarren proba konbinatuan ere igantziarrak izan ziren azkarrenak. Harri altxatzea, txingak eta ingudeak biltzen dituen proba bukatzeko 2 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten. Bigarren postua beratarrentzat izan zen lanak bukatzeko 2 minutu eta 43 segundo behar izan baitzituzten. Sailkapeneko hirugarrena gero eta denbora politagoak egiten dituen Garraldako taldea izan zen 2 minutu eta 48 segundorekin.Azkenik, lehen jardunaldian egindako denbora 8 segundoz hobetu bazuten ere Basaburukoak laugarren gelditu ziren 3 minutuko denborarekin.

Heldu den jardunaldia irailaren 1ean jokatuko da Berriozarko Eguzki plazan. Lehen probari dagokionez, bertan erabakiko da irailaren 29an Igantzin jokatuko den finalean zer taldek parte hartuko duten. Igantzi eta Berriozarko taldeek haien finalerako txartela kasik segurtatua dute, eta hirugarren txartela Garralda eta Basaburuko taldeen artean jokatuko da. Gure Txokoako taldeari dagokionez dagoeneko erran daiteke finaletik kanpo geldituko dela. Bigarren proba konbinatua liga modua jokatzen da eta beraz azken jardunaldia arte itxaron beharko da txapela zeinek eramanen duen jakiteko. Hala ere, orain arteko emaitzak ikusi eta badirudi ez dagoela talderik igantziarrei txapela kentzeko gai denik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun