Ander Erasun Nafarroako txapeldun

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 16a

joxe bikondoaren erakustaldia TTIPI TTAPA

Asteazkenean arratsaldeko 18:30ean Etxalarko Amabirjin besten barne, Nafarroako 3. mailako aizkolari txapelketa jokatu zen.

Kanporaketan Oihan Larretxea beratarra izan zen lehen sailkatua, baina azken orduan min hartu zuen eta ezin izan zuen parte hartu. Bere ordez, kanporaketan seigarren sailkatu zen Raul Castro urroztarra aritu zen.
Hauek izan ziren hortaz, parte hartzaileak:
1. Leitzako Arkaitz Olano
2. Berriozarko 17 urteko Julen Kañamares
3. Arraiozko 17 urteko Garikoitz Larretxea
4. Aurtizko 17 urteko Ander Erasun
5. Urrozko 26 urteko Raul Castro

Epaile lanetan aritu ziren Angel Telletxea, Koldo Martinikorena, Patxi Bengoetxea, Jon Aizkorbe eta Felix De Miguel.
Nafarroako herri kirol federazioko lehendakaria den Joselu Retegi eta idazkaria den Arantxa Ariztegik saioaren nondik norakoak ere jarraitu zituzten.

Lehenik Joxe Bikondoa aritu zen. Eskiatzeko botak jantzi eta polea bat erabiliz, buruz behera aritu zen enborra aizkorarekin ebakitzen. Korte bat emateko 4 minutu eta 23 segundo behar izan zituen. Jendeak txalo zaparrada ederra eskaini nahi izan zion, kirolari honek modalitate ikusgarriak prestatzen bai ditu herri kirol zaletuen gozamenerako.

Ondotik, aizkolarien txanda izan zen. Loteak zenbatuta zeuden eta behin zozketa eginda, honela geratu ziren. Lehenengo lotean Raul Castro, bigarrenean Arkaitz Olano, hirugarrenean Ander Erasun, laugarrenean Julen Kañamares eta bosgarrenean Garikoitz Larretxea. Hirugarren mailako txapelketa honetan errekorra ezarria du Aitor Senosiainek 9:04:40ekin. Marka hori ez ezik, lan ona egitea burutan zuten aizkolariek.
Aizkolariek a kana erdiko eta 2 60 ontzako ebaki behar zituzten.
Lehenengo enborrean Ander Erasunek erakutsi zuen indartsu heldu zela. Bere ondotik ebaki zuten Arkaitz Olano, Julen Kañamares, Raul Castro eta Garikoitz Larretxeak.
Bigarrenean Garikoitz Larretxeak arazoak izan zituen. Enborra nonbait ez zegoen ongi josia eta dezente mugitzen zitzaion, frogak duen zailtasunari bertze bat gehituz.
Hirugarrenean Ander Erasunek bere abantaila mantentzen zuen. Arkaitz Olano gibeletik zegoen, eta segidan, Garikoitz Larretxea, Julen Kañamares eta Raul Castro.
Bina azkenerako gauzak zertxobait aldatu ziren. Honela geratu zen sailkapena:
1. Ander Erasun 8:39:21
2. Arkaitz Olano 10:21:48
3. Raul Castro 11:27:15
4. Julen Kañamares 11:45:57
5. Garikoitz Larretxea 12:03:06
Emaitza hau ikusirik, erran daiteke Ander Erasunek errekor berria ezarri zuela, Aitor Senosiainen denbora hobetuz.
Heldu den urtean bigarren mailan aritzeko aukera izango dute orain Ander Erasun eta Arkaitz Olanok.
Patxiku Irisarri Etxalarko alkateak lehenengo hirurei saria eman zien ekitaldia atzetik aurrera eginez, eta Ander Erasun txapeldunari txapela Joselu Retegi Nafarroako Herri Kirol federazioko lehendakariak jarri zion.
Ondotik, bertze pare bat erakustaldi egin zituen Joxe Bikondoak.
Lehenik, motozerra erabiliz, enbor gainera igo eta 30 korte inguru eman zituen eta ondotik, berriz ere motozerra erabiliz eskultura bat egin zuen. Motozerra handiarekin enborraren perfila landu zuen eta txikiarekin forma eman zion. Azken emaitza Euskal Herriko mapa eta lauburua izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun