Asteazkenean arratsaldeko 18.30ean hasita, Nefarroako 3. mailako aizkolari txapelketako finala jokatuko da Etxalarren.
Bertan ondorengo 5 aizkolariek parte hartuko dute:
1. Leitzako Arkaitz Olano
2. Berriozarko Julen Kañamares
3. Arraiozko Garikoitz Larretxea
4. Aurtizko Ander Erasun
5. Urrozko Raul Castro
Kanporaketan Oihan Larretxea beratarra izan zen lehen sailkatua, baina azken orduan min hartu du eta ezin izango du parte hartu. Bere ordez, kanporaketan seigarren sailkatu zen Raul Castro urroztarra ariko da.
Aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako eta bi kana erdiko moztu beharko dituzte. Lehen bi sailkatuak 2. mailara igoko dira.
Txapelketa honez gain, Joxe Bikondoaren erakustaldia izango da.
Abuztuaren 18an, larunbatean, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Kultur 2007 programazioaren barne, herri kirol erakustaldia egingo da Otsagin. Proba konbinadan Basaburua eta Igantzi taldeak ariko dira, lasto altxatzen igantziarrak, aizkoran Belarra eta Amiliano eta herritarren arteko frogan txingetan ariko dira.
Bertzalde, abuztuaren 19an, hau da, heldu den igandean, Nafarroako herriz herri txapelketako 3. jardunaldia ospatuko da Burlatako Floriac plazan eta euria egingo balu, Askatasuna frontoian.
Jardunaldi honetan Garralda, Igantzi, Basaburua eta Gure Txokoak hartuko dute parte eta Berriozarrek atseden eguna izango du.
Herriz herri txapelketako jardunaldiaren ondotik, Daniel Vicente eta Juan Jose Lopez aizkolariek erakustaldia egingo dute eta azkenik, Joxe Bikondoak aizkora altueran ere bere saiotxoa egingo du.
Eta ospatu behar direnetatik, ospatu den batera pasako gara. Pasa den larunbatean Euskal Herriko 1.go lasto altxatze txapelketa jokatu zen Getxon.
15 parte hartzaile egon ziren eta bakoitzak 2 minutuz ahalik eta altxaldi gehien eman behar zizkion 45 kiloko lasto fardoari, 7 metrotara jarritako polea batekin.
Nafarroako ordezkaritza igantziarrek osatu zuten eta oso maila ona erakutsi zuten, izan ere, lehen 5 postuetan sartu baitziren.
Honela geratu zen sailkapena:
1 Xabi Sein (Nafarroa) 23altxaldi 03’’denboraz kanpoko altxaldia
2 Jose Martin Bustinza (Bizkaia) 23altxaldi 05’’
3 Iñaki Bereau (Nafarroa) 22 altxaldi03’’
4 Oskar Teletxea (Nafarroa) 21 altxaldi 04’’
5 Carlos Sein (Nafarroa) 21altxaldi 08’’
6 Andde Arbenoitz (Lapurdi) 21 altxaldi 09’’
7 Patxi Ituarte (Gipuzkoa) 21 altxaldi ---
8 Jose Lapazaran (Bizkaia) 18 altxaldi 04’’
9 Jose Mari Atutxa (Bizkaia) 18 altxaldi 08’’
10 Inaxio Goioaga (Bizkaia) 17 altxaldi 24’’
11 Igotz Ardeo (Bizkaia) 15 altxaldi ---
12 Unai Ardeo (Bizkaia) 14 altxaldi---
13 Unai Mier (Bizkaia) 13 altxaldi---
14 Estebe Hualde (Lapurdi) 13 altxaldi---
15 Josu Elosegi (Bizkaia) 12 altxaldi---
Xabi Seinek Euskal Herriko txapela irabazteaz gain, Nafarroako errekor berria jarri du 23 altxaldirekin.