Bertizko turismo bulegoan turista aunitz

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 13a

Bertizko turismo bulegoa Nafarroako Gobernuaren menean dago eta inguruko enpresa batek eramaten du.
Gure eskualdean badira lau turismo bulego: Doneztebe, Elizondo, Bera eta Bertizen. Bera eta Elizondokoa Aste Santu eta udan zabaltzen da, Doneztebekoa udan bakarrik, eta Bertizkoa urte osoan.
Udan hurbiltzen den bisitari kopurua ikusita, 2 langile aritzen dira, eta negu eta gainerako sasoitan bat.

Ekainean hasten da udako sasoia eta abuztuko hilabetea izaten da jendetsuena. Dena de, aurten uztailean jende gehiago hurbildu da turismo bulegora.

Ekainean jendea egun pasa etortzen dena izaten da, eta uztaila eta abuztuan egonaldi luzeagoak egiten dituztenak. Oro har astebete edo 15 egun pasatzera heldu dira, baina zenbaitzuk bizpahiru egun egiten dituzte egonaldi bakoitzeko.

Turista gehienak eta nabarmen gainera, Bartzelonatik etorritakoak dira. Ondoren heldu dira, Valencia, Madril eta baita Euskal Herritik ere.
Atzerritik ere sartzen dira turismo bulegoan, baina kopuru txikiago batean. Inglaterrakoak ziren gehienbat etorritakoak garai batean, baina gaur egun kopurua handitzen ari da Holanda edota Ameriketako Estatu Batuetako bisitariei dagokionez.

Informazio asko dute eskura, baina jendeak gehienbat Bertizko parkeko eta leizeetako informazioa eskatzen du.
Udan honako ordutegia du bulegoak: goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara. Denboraldi erdian goizeko 10:00etatik 13:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 19:30era eta apalean, 10:00etatik 17:30era.
Abuztuko egunak dira jendetsuenak eta egun batean 400 turista ere hurbil daitezke Bertizko turismo bulegora.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun