Arkupeak jubilatu eta pentsionisten elkarteak bi ateraldi prest ditu ondoko asteetarako.
Abuztuaren 31ean Arantzazuko santutegira ateraldia egingo dute. Izen ematea abuztuaren 18 arte egin daiteke eta egun osoko prezioa 35 eurotakoa da. Herrietako delegatuei eta ohiko telefonoetan egin daiteke inskripzioa.
Goizeko 11.00etan iritsiko dira santutegira eta bertan konfesioak egin eta meza nagusia entzungo dute. Segidan, Loiolako santutegira bidaiatuko dute. Bertan bazkaria izango da. Arratsaldean nahi dutenek Loiolako Ignazio deunaren basilika ikusteko aukera izango da. Itzulera arratsaldeko 18:45erako iragarrita dago.
Bertzalde, elkarteak udazkenari begira Benidormeko egonaldia prestatzen du. Elkarteko bazkideek gustuko izaten dute bidai hau eta arrakastatsua suertatzen da. Irteera irailaren 21ean izango da eta itzulera urriaren 5ean. Lojamendua Elche parkeko Fenicia hotelean egingo dute, mantenu osoan. Logela bikoitzean norbanakoaren prezioa 495 eurokoa da, eta 700 euro ordaindu beharko dute banakako logela hartu nahi dutenek. Ibilbidean egingo diren joan etorriko otorduak ere sartzen dira prezioan.
Arkupeak elkarteak 3.500 bazkide ditu, Baztan, Bertizarana, Malerreka, Urdazubi, Zugarramurdi, Bortziriak, Sunbilla, Leitzaran, Irun eta Iruñan sakabanaturik.