Sunbillan VI. Ramon Latasa saria

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 10a

Igandean Sunbillako besten barne, VI. Ramon Latasa saria jokatuko da arratsaldeko 19:00etan hasita.
Lehen mailako aizkolariak bikoteka ariko dira:
Nazabal-Olasagasti
Larretxea-Etxeberria
Mindegia-Arrospide
Lau proba osatu beharko dituzte. Lehendabiziko frogan bi kana erdiko ebaki beharko dituzte, eta bakoitzak osatu beharko du lana.
Bigarrenean bakarka ariko dira eta 45 ontzako bat zutik eta bertzea etzanda ebaki beharko dituzte.
Hirugarrenean lau kana erdiko lana osatuko du aizkolari bakoitzak. Laugarrenean berriz ere bikoteka ariko dira, eta lau kana erdiko eta lau 60 ontzako ebakiko dituzte.
Behin lan guztiak amaituta puntuazio guztia batuko da eta honela aterako da bikote irabazlea.

Segidan, gazteen 1.go Ramon Latasa saria jokatuko da. Bikoteak hauek izango dira:
Oihan eta Garikoitz Larretxea
Kañamares eta Ander Erasun
Mugertza eta Mindegia
Hiru izanen dira osatu beharreko frogak. Lehenengoan bikoteka ariko dira eta bi 45 ontzako ebakiko dituzte.
Bigarrenean hiru 45 ontzako banaka ebakiko dituzte eta hirugarrenean hiru kana erdiko eta bi 45 ontzako bikoteko.
Gazteen sarian ere, lan guztiak batu eta bikote irabazleak eramanen du 1.go Ramon Latasa saria.

Jaialdia akitzeko Sunbillako Unai Bertizek 100 kiloko txingekin bere marka hobetzeko saiakera egingo du.

Kirolariek egun honetarako erabiliko duten egurra, pago egurra izanen da. Zuhaitz hauek Sunbillakoak dira eta urtero egun honetarako ebakitzen den lote batekoak dira.
Jaialdiak 4.000 euroko pasatxoko aurrekontua du eta hau estaltzeko ikus entzuleek 10 euroko sarrera ordaindu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun