Miguel Sanzen gobernu berria osatuta dago

TTIPI TTAPA 2007ko abu. 9a, 14:40

Miguel Sanzen hurrengo gobernua 12 kontseilaritzek osatuko dute, aurreko legegintzaldian baino bat gehiagok eta egitura erdia baino gehiago birmoldatu egingo da.

Zenbait iturrien arabera, kontseilari izaten jarraituko dute Javier Caballero, Alvaro Miranda, Alberto Catalan, Maria Kutz, Juan Ramon Corpas eta Maria Isabel Garcia Malok. Bertzalde berrikuntzak sei izango dira: Laura Alba, Jose Maria Roig, Begoña Sanzberro, Amelia Salanueva, Carlos Esparza eta Carlos Perez Nievas. Azken biak CDNtik heldu dira.

Miguel Sanz eta Javier Caballero eta Alvaro Miranda izango dira Nafarroako Gobernuko euskarri nagusienak hurrengo gobernuan. Javier Caballero presidente orde politikoa izango da eta azken urteetan bezala presidentzia, justizia eta barne saileko arduraduna izango da. Alvaro Miranda presidente orde ekonomikoa izango da eta ekonomia kontseilaria izango da, azken lau urteetan lan publiko, garraio eta komunikazio kontseilaria izan ondotik.

Alberto Catalanek ziur aski herri administrazio kontseilaritzarekin jarraituko du, Maria Kutz osasun sailekoa, Maria Isabel Garcia Malo ongizatekoa eta Juan Ramon Corpas kulturakoa.

Aurreko gobernuarekin alderatuz bajak izango dira: Francisco Iribarren, Luis Campoy, Jose Javier Armendariz, Javier Echarte eta Jose Andres Burguete. Kontseileri izango direnek badute esperientzia politikoa edo gobernu egituratik heldu dira.
Begoña Sanzberro almandoztarrak landa garapena eta ingurumen departamendua beregain hartuko ditu. Nekazaria da Begoña eta azken legegintzaldian ere Nafarroako Parlamentuko kide izan zen UPN alderdiarekin. Aurten ere Baztango udaleko hautagaia izan zen, baina azkenean EA alderdiak lortu zuen boto kopuru handiagoa eta egungo alkatea Virginia Aleman da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun