Ostiralean hasiko dira Sunbillako San Tiburtzio bestak. Aurtengo bestek goiti-behiti 18.000 euroko aurrekontua dute, baina hori udalak ordaintzen duenari dagokionez. Bertzalde, Ulibeltzak elkarteak ere antolakuntza lan handia egiten du eta berak ere diru kopuru handi bat jartzen du, zehazki 9.000 euro. Beraz, aurrekontua osotara dezente handiagoa da.
Bestak iragartzeko lehen suziria Ulibeltzak elkarteko presidentea den Nerea Petrirenak jaurtiko du. Ulibeltzak elkarteak lehen aldiz bere historian emakume bat du presidente postuan eta hori dela eta, berak botako du.
Aurrekontuko dirutza handiena honako ekintzetan xahutzen da: musika, trena eta haur jokoak.
Ostiralean arratsaldeko 18:00etan herriko neska-mutilen herri kirol frogak izanen dira. 20:00etan suziria herriko etxetik. Ondotik Beti Alai txaranga erraldoi eta buruhandiekin aterako da. 21:30ean Baztan zopak Ulibeltzak elkartean Zelaieta eta Soto bertsolariekin. Gauez dantzaldia Gaubela taldearekin eta atsedenaldian irrintzi lehiaketa egingo da.
Larunbatean Tiburtzio deunaren ospatuko da. Goizeko 10:00etan meza nagusia. 12:15ean Sunbillako dantzarien saioa. 17:30ean herri-kirol jaialdia. 19:00etan Frontis enpresako pilotarien partidak:
Urdaniz-Altuna
Aldai-Larramendi
Nagore-Zabala
Lasa-Arretxe
22:30ean su-artifizialak Astondoa pirotekniaren eskutik. Arratsaldez eta gauez dantzaldia Jalisko band taldearekin.
Igandean egun guztian zehar tren txutxua ibiliko da herrian barna. 10:00etan gazteen txirrindularitza proba. 12:00etan Ulibeltzak elkartearen pilota txapelketaren finalak. 19:00etan IV. Ramon Latasa saria. Arratsaldez eta gauez dantzaldia Gaubela taldearekin. Atsedenaldian azenario pasatze lehiaketa.
Astelehena haurren eguna izango da.12:00etan akordeoi talde baten emanaldia. 13:00etan koadrilen arteko ginkana. 14:30ean bazkaria Ulibeltzak elkartean Beti-Alai txarangarekin. 15:00etatik 19:00etara jokolandia haurrentzako.17:00etan eskualdeko trikitixa eskolen jaialdia. Arratsaldez eta gauez dantzaldia Agerralde soinu jolearekin eta atsedenaldian katiuska tiroketa.
Asteartean ezkonduen eguna ospatuko da. 10:00etan mus txapelketa. 11:00etan plater-tiroketa. 12:00etan haurrentzako probak igerilekuan. 18:00etan toka, aitzur eta zartain txapelketak. 22:00etan herri afaria. 00:30ean Txutxin Ibañez, Jesus Tapiz eta Halkon Negro. Arratsaldez eta gauez dantzaldia Jalisko band taldearekin eta atsedenaldian sagar dantza.