Doneztebeko turismo bulegoan Aintzane Agirre sunbildarra aritzen da lanean. Doneztebeko udalak lanpostu hori betetzeko Nafarroako enplegu zerbitzuak Donezteben duen bulegora jo zuen eta Aintzanek izena emana zuenez, udalera kurrikuluma bidaltzeko erran zioten.
Udalak deitu eta froga batzuk egin behar izan zituen. Hala nola, euskara froga, elkarrizketa eta bertze. Azkenean bera hartu zuten uda partean turismo bulegoaz arduratzeko.
Lehenago ere turistei inkestak egiten aritua da Bertiz eta Leurtzan, beraz, esperientzia du.
Ekainaren 11an hasi eta irailaren 11 arte zabalik egonen da. Ekainaren 11ean Bertizko bulegora joan zen praktika pixka bat hartu eta foileto eta informazioa eskuratzeko. Ekainaren 12an zabaldu zituen ateak.
Ekaineko eta uztaileko datuak gainbegiratuz, ekainean 66 hurbildu ziren eta 30 eskaera egin zituzten. 37 lagun egun pasa etorritakoak ziren eta hauek 14 eskaera egin zituzten.
Uztailean 371 lagun joan ziren, 123 eskaera eginez. Jende gehiena Bartzelona, Madril, Valencia eta Frantziatik etorritakoa zen, beraz, egonaldi luzeagoak egiten dituzte turistek.
Iaz baino turista gutxiago pasa dira turismo bulegotik.
Abuztuan gorakada nabaritu da. Uztailaren 1ean 2 lagun pasa ziren, eskaera bat eginez, eta abuztuaren 1ean 33 lagunek 10 eskaera egin zituzten.
Lehendabiziko astean uztailean 19 lagunek 9 eskaera egin zituzten eta abuztuan epe berean 206 lagun izan dira.
Turista batzuk deus jakin gabe etortzen dira, eta bertze batzuk Bertiz edo Baztango behatokia bezalako izenak ezagutzen dituztela. Zonaldea ezagutu nahi izaten dute.
Turismo bulegoak honako ordutegia du: Astelehen, asteazken, ostegun eta ostiraletan goizeko 11:00etatik 15:00etara, larunbatetan goizeko 11:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara eta igandean arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Asteartetan itxita egoten da.