Leitzarango autobidean istripua izan da

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 8a

Asteartean gaueko 23:00etan istripua izan zen Lekunberrin, Leitzarango autobidean eta horren ondorioz, errepidea Donostiako norabidean 5 orduz moztuta egon da.

Gertaeran kamioi eta furgoneta bat nahasita egon dira eta emakume bat eta bere semea zaurituta gertatu dira.

Foru Poliziak egindako atestatuak agertzen duenez, kamioi artikulatuak ipar aldera zihoan eta tijera deritzona egin zuen 127,800 puntu kilometrikoan. Bi erraietan gurutzatuta geratu zen eta zentzu berean zihoan furgonetak ezin izan zuen abiadura moteldu eta kamioia jo zuen. Istripua gertatu zen momentuan errepidea bustita zegoen eta Foru Poliziaren patruilek bidea moztu behar izan zuten, lehendabizi bi noranzkoetan goizeko ordu batak arte eta gero, Gipuzkoako noranzkoan goizeko ordu batak eta 3:50 bitartean. Ertzaintzarekin batera koordinazio lana egin du Foru Poliziak eta panel informatiboak aktibatu dira eta zirkulazioa N-121-A errepidetik desbideratu da. Kontutan izan, pasa den astelehenean goizeko 9:00etan Belateko tunelak itxi zirela, eta astelehen gauean istripua izan zela Belate mendatean, beraz, ez da giro Nafarroako errepide sare nagusian.

Zaurituak Araiz bailarako 45 eta 18 urteko ama-semeak dira eta lehena Ama Bideko ospitalera eraman zuten, eta semea Nafarroako Ospitalera. Bestalde, kamioi gidaria errumaniarra izanik, Arronizen bizi dena, zauririk gabe suertatu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun