Nafarroako Gobernuak jakitera eman du bere larrialdi agentziaren bidez, uda parteko suteen amatatze eta aurrezaintza kanpaina erdira iritsi dela. Ekaineko eta uztaileko datuak biltzen dira lehen zati honetan.
Epe horretan Nafarroan denetara 209 sute izan dira eta eragina izan dute 200,7 hektareengan. Hauetatik 142,5 hektarea nekazal lurrari dagozkio eta 58,2 basoari. Azken honetan soilik 6 hektarea zuhaiztiei dagokiona izan da.
Hilabeteen azterketa egitean ekainean 46 sute izan ziren eta baso azalerari dagokionez, 10,6 hektarea erre ziren eta nekazal eremuan, 33,8. Uztailean suteak gehitu ziren eta denetara 160 izan ziren. 47,6 baso eremuari dagokionak izan dira eta 108,2 nekazal eremuari.
Nafarroako larrialdi agentziak protokolo berezi bat martxan jarri du eta hau dela eta, bataz bertze su hartutako eremua txikiagoa izan da. Gainera hirugarren urtez jarraian ingurumen departamentuak udan natur eremuetan sua egiteko debekua jarri zuen.
Iaz 248 sute izan ziren ekaina eta uztailan, eta hauetan 261 hektarea baso eremu eta 494 hektarea nekazal eremu erre ziren.. Baina konparazio bat egitea nahiko zail gertatuko da, izan ere, 2006ko ekainaren 15ean Peña mendizerran sute handia izan baitzen eta honen ondorioz 340 hektarea erre ziren. Orain arte ez da mota honetako inolako natur ezbeharrik gertatu.
Oroitarazi kanpaina hau presidentzi, justizia eta ingurumen, lurraldearen antolamendu eta etxebizitza departamentuek antolatu dutela, eta ekainaren 8an hasi eta irailaren 30arte indarrean egonen dela.
Kanpaina honetan parte hartzen dute Nafarroako Gobernuko 11 suhiltzaileen parkek, Iruña-Miluzeko estazio parkearen laguntzarekin, ingurumen saileko langileek eta Nafarroako mendialdean sakabanaturik dauden bolondresen 7 parkek. Behaketa eta suhiltzaileen parkeen langileen behatoki sarea indartzeko Nafarroako larrialdi agentziak 170 laguntzaile kontratatu ditu eta Miluzeko aire baseak hirugarren helikoptero bat hartu du suteen aurkako aire borrokarako. Ingurumen ministeritzak, bertzalde, suteen aurkako hegazkin arin bat kokatzen du Nafarroan eta horretarako Nafarroako Gobernuak Tafallako aerodromoa prestatzen du.