Gasteizen ere herri kirol jaialdiak

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 7a

Igandean Gasteizen Euskal Herriko bigarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketa jokatu zen. Azken saioa Gasteizen berean jokatuko dute ostegunean eguerdiko 12:00etan Foruen enparantzan.

Hamairu aizkolari daude maila horretan, baina Bihurri, Erdozia eta Xabier Mindegia min hartuta daude eta ez ziren aritu. Berez, sailkapeneko azkeneko biek galtzen dute maila, baina ikusgai dago zer gertatuko den.

Aizkolari bakoitzak hiru kana erdiko, 60 o9ntzako bat eta oinbiko bat moztu behar izan zituen.

Amaierako sailkapenean ez zen ezusteko handiegirik izan. Mujika izan zen garaile. Ibarrako aizkolariak izugarrizko gorakada izan du azken urteetan. Orain dela bi hirugarren mailako txapela irabazi zuen, eta iaz bigarren mailako finalean sartu zen. Aurten kanporaketa irabazi du, eta heldu den urtean maila nagusian izateko lehen urratsa eman du. Ugarteburu izan zen ondotik. Oso indartsu itzuli zen iaz lehiaketa ofizialera, eta berriz ere onenen artean egon nahi du.
Honela geratu zen sailkapena:
1. Mujika 16:53
2. Ugarteburu 17:00
3. Etxebeste 17:46
4. Manuel Kañamares 18:32
5. Belarra 18:33
6. Senosiain II 18:38
7. Elorriaga 18:50
8. Zubiaga 18:59
9. Rekondo 19:25
10. Telletxea 22:58

Finala ostegunean jokatuko dute Mujika, Ugarteburu, Etxebeste, Kañamares, Belarrak eta Senosian II.ak. Aizkolariek bi kana erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun