2007ko uztaileko langabezi datuak ezagutzera eman ditu Nafarroako Gobernuko enplegu zerbitzuak eta ekaineko datuekin alderatuz, 1.089 pertsonetan gehitu da kopurua, hortaz, % 5,67. Nafarroan une honetan lanik gabe dauden pertsonen kopurua 20.285 da, 7.395 gizon eta 12.890 emakume.
Nafarroako Gobernuak datu hauek ezkor moduan hartu ditu. Nahiz eta ohikoa den uztailean lanik gabe dauden pertsonen kopurua areagotzea, 2007ko datuak benetan kaxkarrak izan dira.
Gazteen artean langabeziak behera egin du eta gutxieneko historikoetara iritsi da kopurua, 2.000 gazte gutxiago baitaude zerrendetan. Baina gainerako adinetan eta bi sexuetan, gorakada nabarmena izan da, eta gehienbat gizonetan.
Langabezia gehien hazi den sektoreei dagokionez, elikagai industria, merkataritza eta ostalaritza izan dira.
Nafarroako Gobernuko lan zuzendari nagusia den Jose Maria Roigk adierazi du aurreko urteko datuei erreparatuz, langabezia beherago mantentzen dela, eta datu positibo gisa erran du langabezian dauden emakumeen zifra lehen aldiz uztaileko hilabete batean 13.000tik jautsi dela.
Ohiko arrazoiak omen dira San Ferminen bukaera, eraikuntza enpresak oporretan egotea, hezkuntzan eta nekazaritzako elikagai sektorean kanpaina akitzea.
Kontratazioa handitu da aurreko hilabetearekin alderatuz, nahiz eta orokorrean San Ferminetako astean zentratzen den.
Lan enplegu zerbitzuko bulegoei dagokionez, azken hilabetean gorakada jasan dute Lodosan ( %26,83), Tuteran ( %8,03), Iruñan ( %5,32), Lizarran ( %3,85), Donezteben ( %3,43), Tafallan ( %3,30) eta Altsasuan ( %0,99). Jaitsiera izan duen bulego bakarra Agoizkoa izan da %4,55arekin.
Sexuei erreparatuz, emakumeetan 12.890ean geratzen da %4,51eko igoerarekin eta bertzalde, 7.395 gizon daude langabezian, aurreko hilabetean baino %8,32 gehiago.
Adinei dagokionez, 25 urtetik beherakoetan 1.981 pertsonek emana dute izena, hau da %1,15 gutxiago eta 25 urtetik gorakoen artean 18.304 daude zerrendetan, hau da, %6,47 gehiago.
2006ko uztaileko datuekin alderatuz, langabeziak 267 pertsonetan behera egin du, hau da, %1,30.