Udan aire librean 59 kanpaldi egingo dira

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 2a

Uda honetan zehar aire librean 59 kanpaldi egingo dira Foru Erkidegoan. Hauetatik erdia baino gehiago, hau da, 32, Erronkari bailaran jarriko dira, gehienbat Burgi eta Izaban. Bisitariek gehien eskatu eta nahi izaten dituzten lekuak Nafarroa iparraldean kokatzen dira.

Baina badira beste zenbait toki kanpatu ahal izanen dena: Erroibar eta Artzen 10, Sakanan 3, Baztanen 4, Orokietan 1 eta Iberon 1. Lizarran ere kanpalekua jarriko da, zehazki, Labiaga eremuan. Azken honetan kanpinak jarri dira azken urte hauetan, eta horregatik jendeak ez du hainbeste eskatzen bertan kanpatzea.

Nafarroara uda partean kanpatzera etortzen den jendea honako erkidegoetatik heldu da: Eusko Autonomi Erkidegoa, Aragoi, Katalunia, Madril, Valencia eta Andaluzia. Hala 2006an holako datuak erregistratu ziren: Eusko Autonomi Erkidegotik 23 kanpaldietan 967 pertsona, Aragoiko kanpaldi batetik 67 parte hartzaile, Kataluniako 2 kanpalditik 24, Madrilgo 4 kanpalditik 522, Valenciako kanpaldi batetik 63 eta Andaluziako batetik 138.

Kanpaldiak egiten dituztenen artean gehienak antolatutako elkarteak, scouts, mendi taldeak edo halakoak izaten dira. Normalki ez dira famili edo partikularrak joaten mota honetako kanpaldiak egitera. Hortaz, normalki ez dira aparteko arazorik suertatzen nahiko ongi antolatuta egoten baitira, ingurumena ongi zaintzen dute eta ez dute arriskua suposatzen duen ekintzarik egiten, hala nola suak edo hondakinak jaurtitzea.

Aire librean egiten diren kanpaldien kopuruari dagokionez, jaitsiera nabarmentzen da jende kopuruari dagokionez. 1997an 128 kanpaldi egin ziren eta aurten 59 besterik ez dira eskatu.
Nafarroan kanpaldi librea debekatuta egonen da zenbait tokietan: erreserba izendatutako lur kalifikatuetan, babes eremuetan, erreketatik 10 metro baino gutxiagora, Santiago bidetik 3 metro baino gutxiagora, Plazaola ibilbidean, uholdeak gerta daitezkeenetan, turismo kanpalekutik kilometro batera, ezaugarri historikoak dituzten erakinetik 100 metro baino gutxiagora, ingurumen, lurraldearen antolamendu eta etxebizitza departamenduak debekatzen dituenak eta bertze.
Kanpaleku librean ezin izango dute leku berean, 10 pertsona baino gehiagok parte hartu, ezingo dira 3 denda baino gehiago jarri eta ezta 3 egun baino gehiagotan.
Kanpaleku librea herri entitateak baimendu beharko du. Dena den, baldintza bereziak jarri ahal izango ditu ingurumena babesteko, suaren erabilpenerako eta egonaldia amaitzean garbiketa egiteko.
Natura errespetatzea bermatzeko, herri entitateak baimena eskatzen dutenei gehienez 30 euroko kantitatea exijitu ahal izango die.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun