Nafarroako Gobernuko garraio, lan publiko eta komunikazio departamentuak jakin erazi du Belateko tunela mantenu eta moldaketa lanak direla eta itxita egonen dela astelehena abuztuaren 6ko 00:00etatik abuztuaren 29 arte.
Nafarroako Gobernuak uztailaren 20an prentsa idatzi bat kaleratu zuen eta bertan aipatzen zen Belateko tunelak ikerketa sakon bat izan zuela eta bertan ohartarazi ziren aurreko urteetan egindako konponketa, errefortzu eta eustormak aurre ikusi bezala mantentzen zirela eta tunelaren segurtasun estrukturala bermatzen zutela.
Dena den, behaketa horiek ondorioztatu zuten arrailadura puntu batzuk bazirela pareten porlanezko estalduran eta komunikazio bide honek zerbitzu egokia eman dezan lehen bai lehen moldatu behar zirela.
Mantenu lan hauek eragina izanen dute tunelak dituen 6.000 metroetatik 150 metroetan eta arrailduta dagoen eremuaren garbiketa eta saneamendua egingo da. Ondotik itxi egingo da 416 buloi, 540 metro karratu mallazo eta proiektatutako 60 metro kubiko porlanaren bidez. Lan hauek gauzatu ahal izateko sustengatzeko elementuak erretiratu eta birkolokatuko dira eta bertze zenbait elementu ere jarriko dira.
Lanak arintze aldera eta trafiko segurtasuna bermatu ahal izateko tunela derrigorrez itxi beharra dute. Abuztuaren 6tik 29ra trafikoa Belateko mendatetik igaro beharko da.
Dagoeneko 7 aldiz itxi behar izan dute Belateko tunela 1997an inauguratu zenetik. Kontutan hartu behar da, garai horretan Europako ate modura izendatu zela N-121-A errepideko azpiegitura hau.
Iazko uztailaren 6an itxi behar izan zuten 25 metro behera etorri ondotik. Dena den ez zen zauriturik suertatu. Orduan kalteak astebetez moldatu ziren eta trafikoa berriz ere tuneletik bideratu zen uztailaren 13an.
Belateko tunela Foru Erkidegoko luzeena da 2.960 metroko luzerarekin.