Fernando Etxegaraik ez du lortu Munduko mendi lasterketetako sailkapen nagusian hirugarren postuan mantentzea. Dolomitas Sky Race izan zen azken froga eta hemeretzigarren sailkatu zen 2 ordu, 19 minutu eta 23 segundorekin eta horren ondorioz, bosgarren dago.
Italiako froga honek maila handia izan zuen eta lehen hiru sailkatuek aurreko frogako errekorra hautsi zuten.
Eslovakiako Mitja Kosoveljek frogak zituen 22 kilometroak osatzeko 2 ordu, 4 minutu eta 53 segundo behar izan zituen. Tofol Castanjer bigarren izan zen 2 ordu, 6 minutu eta 30 segundorekin eta Agusti Roc katalandarra hirugarren 2 ordu, 7 minutu eta 21 segundorekin.
Ionut Zinca zortzigarren helmugaratu zen, iaz bezala, eta lehen euskalduna izan zen. Gasteizen bizi den errumaniarrak 2 ordu, 12 minutu eta 20 segundotan osatu zuen froga.
Euskal Herriko selekzioa osatzen zuten kirolarien artean, Joxe Felipe Larrazabalek 2 ordu, 24 minutu eta 5 segundoko denbora erabili zuen froga amaitzeko eta 28. sailkatu zen.
Mendiko lasterketetan parte hartzen duten Manttale klubeko kideei dagokionez, lan polita osatu zuten. Igor Agesta 75.a izan zen 2 ordu,39 minutu eta 45 segundorekin, Joxelu Loiarte 76.a 2 ordu, 39 minutu eta 46 segundorekin eta Alfredo Telletxeak 165. bukatu zuen 2 ordu,53 minutu eta 56 segundorekin.
550 lasterkarik parte hartu zuten frogan, eta nahiz eta gogorra izan, polita izan zela uste dute aunitzek.
Emakumeei dagokionez, Angela Mudge izan zen azkarrena 2 ordu, 30 minutu eta 17 segundorekin eta Alicia Olazabal irundarra hamargarren sailkatu zen 3 ordu eta 45 segundorekin. Baina frogak bere alde iluna ere izan zuen. Piz Boe jausten ari zela, Alicia Romerori orkatila bihurritu zitzaion eta helikopteroz etar behar izan zuten.