Cederna-Garalur elkarteak kudeatuta, “Gure lanbide eta usadioen barrena, bidez bide” turismo produktua ezagutzera eman du, Nafarroako Mendialdera etortzen direnek kultur balioak eta ohiko jarduerak ezagutu ditzaten.
Sei ateraldi proposatzen dituzte, seiak Nafarroako mendialdean egitekoak:
Erronkari Ibarrean barrena, bidez bide
Iratiko Pirinioetan barrena, bidez bide
Nafarroako Pirinioaurrean barrena, bidez bide
Aralar mendietan eta Ultzama ibarrean barrena, bidez bide
Bertizko Parke Naturalean eta inguruko ibarretan barrena, bidez bide
Baztan Ibarrean eta Zugarramurdin barrena, bidez bide
Seiak desberdinak dira, bai eskaintzari baita kokapenari dagokionez ere. Hala ere, “Gure lanbide eta usadioetan barrena, bidez bide” produktuko elkartekideengana hurbildu eta haiek ezagutzeko parada ematen dute.
Ateraldi bakoitzak hau eskaintzen du:
Eguneko bisitaldiak: Nafarroako Mendialdeko lanbide eta usadioak ezagutzera eman nahi ditu: besteak beste, upategiak, gaztandegiak, interpretazio zentroak, museoak, energi-gelak eta belar usaintsuen sailak.
Jatetxe lagunak: turismo produktuan parte hartzen duten jatetxeetako batean otordua egiteko aukera ematen du, eta bertaratzeagatik, foiletoa erakutsita, oparitxo bat eginen dute.
Denboraz ondo bazabiltza: beste aukera batzuk eskaintzen ditu: besteak beste, urtegietan bainu bat hartzea, behatokietan geldialdiak, eta monasteriora bisita egitea.
Sei ateraldi horietako bakoitzean egun betea eman daiteke, eta Nafarroako Mendialdeak eskaintzen duen aukeraz gozatu, kultura eta natura, ikastea eta dibertsioa uztartuz.
Horretarako, 2007ko ekintza komertzialetako baten barnean txertatzen den liburuxka sortu dute.
Sei ibilbide horietako bakoitzak gutxi gorabeherako prezioa du, aldagarria, aukeratutako jatetxearen nahiz egin asmo diren bisiten baitan.
Liburuxkak orduei eta prezioei buruzko informazioa du, bai elkartean parte hartzen dutenei buruzkoa, baita jatetxeei buruzkoa. Horrez gain, horietako bakoitzera iristeko argibideak ematen dituen planoa jasotzen du.