Lur azpiko turismoa

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 30a

Nafarroa, Eusko Autonomi erkidegoa eta Iparraldeko 6 leizeek ekimen bat martxan jarri dute. Zehazki, lur azpiko mundua ezagutzeko aprobetxatzen dutenei beren leialtasuna eskertu nahi diete. Deskontuak egingo dituzte. Liburu bat argitaratuko dute eta bertan, egindako bisitaldi bakoitza zigilatuko da.

Lehen esperientzi honetan sartu diren leizeak Nafarroan Urdazubi, Zugarramurdi eta Mendukilo, Bizkaian Pozalagua, Gipuzkoan Arrikrutz eta Iparraldean Sara. Azken honek urtean 100.000 bisitari baino gehiago hartzen ditu.

Mendukilo Aralarren dagoen haitzulo bat da. 2005eko uztailean zabaldu zituen ateak eta dagoeneko 30.000 bisitari izan ditu.
Promozioak balioa hartzen du leizeetako batek promozio liburuan zigilua ematen duenean. Behin leizearen tiketa erosten denean, liburuxka zigilatu eta bertze haitzuloetan erabili ahal izango du.

Zigiluak %20ko deskontu egiteko eskubidea ematen dio, baina beti ere banakako prezioa ematen denean, ez baita deskonturik egingo dagoeneko bertze promozioak aplikatuta badaude.

Behin bisitariak ibilbide guztiak osatzen dituenean, bisitatzen duen azken leizean opari bat jasotzeko eskubidea izango du.
Beti ere, eskaintzak denboraldi apalean izango du baliagarritasuna, hau da, urte guztian, Aste Sainduan, uztaila, abuztua eta zubietan ezik. Hala, promozioa irailaren 30ean hasi eta heldu den urteko ekainaren 30ean bukatuko da.
Modu honetan leizeek kanpotarren arreta bereganatu nahi dute eta historia eta forma bereziak ezagutzera eman nahi dituzte.
Balio ekologiko eta natural berezia duten leku hauetan garai bateko gizakiaren aztarnak gorde dira eta zenbait kasutan, beren paretetan herri erritoak islatuta agertzen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun