Etxalarko Landagain eskola handituko da

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 27a

Lehengo erakinari 720m2ko azalera izanen duen bertze bat gehituko zaio

Etxalarko Landagain eskola handitzeko obrak adjudikatzeko deialdia zabaldu du Herriko Udalak. Biztanleria handitzen dela eta, duela 20 bat urte egindako eraikuntza ttiki gelditu da, eta beraz bertze eraikin baten bidez azpiegitura handitzea erabaki dute.

Maria Urmeneta eta Javier Chocarro arkitektuek aurreikusitako planen arabera eraikinak 360m2 bi solairu izanen ditu. Beheko solairuan gelak eta gimnasioa eginen dira, eta lehenean, gelak, liburutegia, irakasleen gela eta zuzendaritzaren bulegoa.

Obra hauek 320.000 euroko aurrekontua dute BEZik gabe eta %50ean diruz lagunduko da Nafarroako Gobernutik. Interesatuak daudenek abuztuaren 24a arte izanen dute haien eskaintzak aurkezteko. Obren egiteari dagokionez, %40 urte bukaera baino lehen eginak izan beharko dira eta dena uztailaren 31rako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun