Igandean korrituko da XVI. La Miguel Indurain txirrindularitza proba eta goizeko 8:30etik aitzinera eskualdeko errepideak txirrindulariz beteko dira.
Iaz bezala aurten ere ibilbideak berritu dituzte, eta luzea zein motxa biak Nafarroan iraganen dira, eta lehenago bezala ez dira Lapurdi eta Behe Nafarroan barna ibiliko. Ibilbide luzea 186km izanen ditu aurten, eta zailtasun nagusiena Belate, Artesiaga eta Orokietako mendateak izanen dira. Ibilbide motzak 113km izanen ditu eta Belate eta Orokietako mendateak izanen dira zailtasun nagusiak. Luzea hautatzen dutenak goizeko 8:30ean aterako dira Eztegara pasealekutik, eta bertzeak 9:00etan.
Chipa eta dortsalen eskuratzeko, parte hartzaileen harrerarako mahaiak paratuko dituzte larunbatean arratsaldeko 15:30etik 21:00ak arte eta igandean goizeko 6:30etik 8:00ak arte Toki Ona kiroldegian. Bestalde berandu ibiltzen direnak izena ematen ahalko dituzte mahai horietan.