Ibaien ekosistema berreskuratzeko asmoz, AEMS-Rios con Vida izeneko elkarteak "Adoptatu ibai bat" izeneko kanpaina paratu du abian. Eskualdeari dagokionean, Bidasoa ibaian garatuko da, eta heldu den egunetan hasiko da. Kanpainak arlo praktikoa eta teorikoa izanen ditu, eta horretarako inguruan barnako ibilbideetaz gain, ingurumenari buruzko jardunaldiak eginen dira, uraren kalitatea, landaretza, garbiketa eta bertze hainbat kontu landuz. Aipatzekoa da, Bidasoaren joanean dauden 28 zentral elektrikoei interes berezia eskainiko zaiela, ibaian ibiltzen diren arrain migratzaileei oztopoa egiten baitiete.
Aipatu entitateak Nafarroako Kutxaren "Zuk aukeratu, zuk erabaki" kanpainan sartu zuen Bidasoaren aldeko egitasmoa, eta Nafarroan jendearen erantzun ona jaso du: 53.250 euro bildu dira.
Egitasmoari hasiera emateko, bihar goizean ibilbidea eginen dute Beran barna, eta arratsaldez, Igantziko Bentak eta Sunbilla artean. Antolakuntzatik adierazi dutenez, bere esku geldituko dira materiala eta garraio gastuak, baita mantenua eta segurua ere. Hala, proiektuarekin bat egiteko deia ere egina dago.