Tubos Reunidosek eta Condesak bat egin dute

TTIPI TTAPA 2007ko uzt. 26a, 13:13

Multinazional haundia sortuko dute, eta 2009rako 10 milioi euro aurreztuko dituztela adierazi dute

Asteartean sinatu zuten Arabako Tubos Reunidos eta Condesa enpresak elkartzeko akordioa, eta horren bidez, altzairuzko hodiak egiten dituen Europako bigarren multinazionala sortuko dute. Iragarri dutenez, talde berriak aurten 1.625 milioi euroko salmentak izanen ditu, 4.200 langile, 18 lantegi, eta 145 milioi euroko etekin garbiak espero dituzte. Hain zuzen, 4.200 langile horien artean daude Zalaingo tubo lantegiko 330 langileak ere. Akordio berriak lantegian zein neurritan eraginen duen ez badakite ere, lan hitzarmena negoziatzeko garaian harrapatu dituela gogoratu zuen atzo Fermin Altzugarai enpresako langile batzordeko lehendakariak. 2006az geroztik negoziaketetan ari dira bi aldeak, baina oraindik ez dute adostasunik lortu. Gaineratu zuenez, "2000tik 2007ra bitartean 200.000 tonatik 70.000era jautsi da Arcelorren produkzioa".

Hemendik aitzinera, enpresak Tubos Reunidos izena hartuko du, eta trukean Condesak talde berriko akzioen %36,25 bere eskuetan izanen du, baita kopuru hori %40ra haunditzeko eskubidea ere. Gisa berean, Condesak Tubacexen zuen zatia, %18 inguru, eratu berri den multinazionalaren esku geldituko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun