Xabier Telletxea igantziarra Espainiako mendi bizikleta jautsierako txapeldun

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 24a

Miriam Blas beratarra bigarren gelditu zen emakumezkoetan

Joan den igandean jokatu zen Espainiako mendi bizikleta jautsierako proba Kantabrian eta eskualdeko kirolariek ez zuten hutsik egin. Gizonezkoetan, maila nagusian, Xabier Telletxea igantziarrak lehendabiziko postua lortu zuen, eta emakumezkoetan Miriam Blas beratarra azpitxapeldun gelditu zen.

Telletxea eta Blas ziren faboritoak, eta beratarrak txapelketako bosgarren txapela lortzerik izan ez bazuen ere, irabazlearengandik 10 ehunenera gelditu zen. Telletxeak, berriz, bortz segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari.

Iñigo Yanci beratarra ere han izan zen, 23 urtez azpikoen mailan jokatu zuen, eta guttigatik gelditu zen podiumetik kanpo. Laugarren helmugaratu zen, irabazlearengandik bortz segundora. Maila honetan parte hartu zuen bertze beratarrak, Iñigo Blasek, 17. postua eskuratu zuen. Maila nagusian Oronoz-Mugairiko Iñaki Esarte 40. sailkatu zen, eta Imanol Retegi igantziarra 61. lekuan.

Bertzalde, leku berean jokatu zen mendi bizikletako kross jautsiera ere, larunbatean, eta modalitate honetan Asier Apezetxea aranztarrak parte hartu zuen. 105 parte-hartzaileen artean 20. postuan gelditu zen maila nagusian. Katedeteetan, berriz, Aitor Begino igantziarra 25. ailegatu zen helmugara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun