Leitzak jantzi du hirugarrenez Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako txapela

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 23a

TTIPI TTAPA

Bide batez, Euskal Herriko txapelketarako txartela lortu du

Leitzako Aurrerak Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren 38. edizioa irabazi du, eta hala, txapelketako bere hirugarren txapela jantzi. Uztailaren 7an jokatu ziren Iruñeko Labriten aurtengo finalak, eta jendez gainezka zegoela, zazpi tantoko aldearekin atera zen txapeldun Leitza.

Espero bezala, alebinetan eta infantiletan Leitzak ez zuen inolako arazorik izan Uharteko bikoteak garaitzeko. Alebinetan, Leitzako Mikel Sagastibeltzak eta Anartz Olanok 18 eta 2 irabazi zieten Uharteko Luis Sanchez eta Aritz Goñiri. Infantiletan, tanto bakarrarekin utzi zituzten Uhartekoak. Jose Ramon Aldaregia eta Jon Jaunarena leitzarrek 18 eta 1 irabazi zieten Igor de la Fuente eta Ander Minari.

Gazteen mailan eta seniorretan Uhartekoek irabazi zuten. Gazteetan, Oian Alduntzin eta Aitor Goikoetxea leitzarrak 22 eta 1 galdu zuten Imanol Garralda eta Mikel Beroiz uhartearren kontra. Seniorretan, berriz, Aurrerako Mikel Olazabal eta Mikel Iriartek 22 eta 17 galdu zuten, Uharteko Miguel Angel Errea eta Iosu Linzoainen aurka.

1973an jantzi zuen Leitzak txapelketa honetako azken txapela, eta 1972an lehena. Azken finala, berriz, 1981ean jokatu zuen, baina ezin izan zuen Larraungo taldea garaitu. Aurten, ordea, Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako txapela herrian du, eta Euskal Herriko txapelketan aritzeko txartela ere bai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun