Azkeneko urteotako ohiturari eutsiz, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta herri kirol saio andana jokatu ziren Iruñeko Sanferminetan. Horietatik aunitz Nafarroako txapeldunak erabakitzeko baliagarriak izan ziren. Eskualdeko kirolariek ere ez zuten hutsik egin, eta emaitza onak eskuratu dituzte.
Lehen mailako arpana txapelketan, Arraiozko Xabier Urrutia eta Sunbillako Mikel Bertiz hirugarren gelditu ziren. Iraizozko Josetxo eta Iñaki Barberena anaien, eta Oier Aizkorbe eta Jose Luis Cano Berriozarko bikotearekin gibeletik. Anizko Andoni Irigoien eta Arraiozko Josetxo Telletxea laugarren sailkatu ziren.
Kadeteen mailan eskualdeko ordezkaritza zabala aritu zen, Basaburuako lau bikote: Zigako Mikel Igoa eta Anizko Gabon Gamio, Berroetako Beñat Gartxitorena eta Asier Gamio, Berroetako Andoni Barrenetxe eta Iruritako Egoitz Prim eta Iruritako Jose Ignacio Iribarren eta Unai Apeztegia. Hain zuzen, azken hauek izan ziren eskualdeko lehenak. Sailkapen nagusian hirugarren gelditu ziren.
Nafarroako harri-jasotzaile txapelketan, Patxi Larretxea aranztarrak ez zuen hutsik egin aurten ere, eta berak jantzi zuen Nafarroako txapela. 5.737,5 kilo jasota alde ttikia —13 kilo baino guttiago—kendu zion Josetxo Urrutia leitzarrari, baina bera izan zen nagusi. Ezusterik ederrenetakoa eman zuena, ordea, Unai Bertiz 22 urteko sunbildarra izan zen. Hirugarren amaitu zuen, baina bolarekin bera izan zen onena.
Lasto altxatzen lau igantziarrek parte hartu zuten, eta alde ttikiarekin irabazi zuen Iñaki Bereauk. 21 altxaldi egin zituen. 19 altxaldirekin —20.a hiru segundutara egin zuen— Xabi Sein gelditu zen bigarren.Altxaldi kopuru bera egin zuen Oskar Telletxea ere, baina 20.a lau segundutara jaso zuen. Carlos Sein laugarren gelditu zen (16 altxaldi).
Aizkolarietan ere izan genuen hemengo ordezkaririk. Lehen mailako bikotekako txapelketan Donato Larretxea eta Jose Luis Barberena bigarren izan ziren.
III. mailako aizkolarien kanporaketan 30 urte ingurukoak egon arren, 17 urteko lauk eta 18 urteko batek lortu zuten Etxalarren abuztuaren 15ean jokatu den finalerako txartela, horietatik lau gure eskualdekoak. Oihan Larretxea beratarra izan zen azkarrena. Minutu eta erdiko aldea kendu zion bigarren sailkatu zen Arkaitz Olano leitzarrari. Garikoitz Larretxea arraizotarra laugarren gelditu zen, eta Ander Erasun aurtiztarra bosgarren. Horiez gain, Beintza-Labaiengo Alejandro Mindegiak eta Pablo Elizondok, Aresoko Asier Pellejerok eta Urrozko Paul Castrok ere parte hartu zuten.
Emakumezkoen txinga txapelketan ere aritu ziren hemengo kirolariak: Narbarteko Esher Iriarte, Lesakako Santa Sousa eta Miren Almandoz eta Iturengo Maika Ariztegi. Lehena Iriarte izan zen, 15 plaza eginez. Bigarrena, berriz, Santa gelditu zen.
Emakumezkoen txinga txapelketan ere aritu ziren hemengo kirolariak: Narbarteko Esher Iriarte, Lesakako Santa Sousa eta Miren Almandoz eta Iturengo Maika Ariztegi. Lehena Iriarte izan zen, 15 plaza eginez. Bigarrena, berriz, Santa gelditu zen.
Gizonezkoen txapelketa zalapartatsua izan zen. Izan ere, lau partaidetatik hiru kaleratu egin zituzten eskuetan erretxina erabiltzeagatik, tartean Patxi Larretxea aranztarra eta Miguel Angel Sukuntza leitzarra. Azkenean inork ez zuen txapelik jauntzi. Halere, aranztarrak jaun eta jabe dela erakutsi zuen, 16 plaza eginez.
Sukuntza 15ekin gelditu zen, eta Julen Txoperena igantziarra laugarren. Kanporatutakoak hagitz haserre ageri ziren, «beti erretxina erabili izan dela» erranez, eta «honelako erabaki bat hartu behar bada, kirolariekin hitz egin behar dela» argudiatuz.
Motozerra IX. txapelketan lautik hiru eskualdekoak ziren, baina azkenean Berasainera joan zen garaipena. Miguel Angel Mariñelarenak irabazi zuen. Ondotik: Oieregiko esteban Arruti, Arizkungo marin Agerrea eta narbarteko enrique Jaukikoa gelditu ziren.
Ingudeen txapelak nahitaez gurera etorri behar zuen, eta halaxe izan zen. Igantziko Xabi Sein eta Carlos Seinentzat izan ziren lehen bi postuak, 92 eta 86 altxati egin baitzituzten, hurrenez hurren. Leitzako Lazaro Bujan eta Labaiengo Josetxo Urrutia izan ziren bertze bi partaideak.
Nafarroako hainbat txapel eta kanporaketa erabakitzeaz gain, bertzelako erakustaldiak ere egin ziren. Hala nola, Joxe Bikondoak bere saioa eskaini zuen, baita Mikel Saralegik harri-altxatzen, eta aizkoran Leitzako Jon Rekondok eta Doneztebeko Juan Telletxeak ere.