XLV. Kontrabandisten Lasterketa agorrilaren 19an korrituko da

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 23a

Iaz errekor berria eskuraturik, Fernando Etxegarai izanen da aurtengo faboritoa

Sarako Kontrabandisten XLV. Lasterketa heldu den agorrilaren 19an jokatuko da. 17:00etatik aitzinera 38 parte-hartzaileak plazatik abiatuko dira, eta Larrungo mazeletan diren Zazpi Fagoetatik pasatu ondotik berriz ere plazara itzuliko dira. Lehengo kontrabandistak bezala galtza urdinekin beztitu beharko dira, eta azken kilometroan, Ibarsorotik aitzinera, emazteek kiloko pisua eraman beharko dute, eta gizonek zortzikoa. Parte-hartzaileak muga inguruko herrien izenean aritzen dira, orotara 19: Bera, Etxalar, Ezpeleta, Ainhoa, Baigorri, Azkaine, Urdazubi, Luzaide, Ituren, Hondarribia, Zugarramurdi, Senpere, Urruña, Hendaia, Donibane Garazi, Irun, Lesaka eta Elizondokoak.

Iaz errekor berria jarrita, Fernando Etxegarai beratarra izanen da faborito nagusietariko bat. 9 kilometro inguru dituen ibilbidea 38 minutu eta 36 segundoz burutu zuen. Bigarren postua Igantziko Patxi Irazokirentzat izan zen, eta hirugarrena Berako Joselu Loiarterentzat. Emazteetan, Iturengo Maika Ariztegi nagusitu zen 52 minutu eta 43 segundoko denborarekin. Bernadette Bideondok bigarren finitu zuen, eta Josune Zabalak hirugarren.

Egun berean esku-lan eta produktu gastronomikoen bigarren feria ospatuko da. Lehena uztailaren 15ean iragan zen eta urtero bezala, eguraldia lagun jende anitz ibili zen postuz postu. Guztira 29 izan ziren, gasna eta arno saltzaileak, fruitu saltzaileak, argazkilariak, larrua lantzen dutenak eta dekoraziorako apaintzaileak saltzen... Tartean herriko lau postu: Harpeak gasnategia, Albistur gasna saltzailea, Leizagoien argazkilaria eta Olhain Ikastola taloak saltzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun