Uztailaren 8an Iruñeko San Fermin jaien barne, Nafarroako arpanlarien txapelketa nagusia jokatu zen, eta Sunbillako Mikel Bertizek bere bikote Xabier Urrutia arraioztarrarekin txapelketa honetan parte hartu zuen. Bortz bikotetatik hirugarren postua lortu zuten. Kana erdiko egurrari 18 korte eman behar izan zizkioten, 14 korte egurra etzanda eta lau zutik.
Bertzalde, bikote honek Iturengo bestetan ere Euskal Herriko kanporaketan parte hartu zuen. Hasiera batean 13 bikotek izena eman bazuten ere, azkenean 11 aritu ziren. 45 ontzako egurrari 15 korte eman zizkioten arpanlariek, hamar etzanda eta bortz zutik. Mikel eta Xabierrek seigarren postua eskuratu zuten. Hala, urriaren 12an Basaurin (Bizkaia) jokatuko den Euskal Herriko finalerako txartela lortu zuten.
Iruñeko San Ferminetan jokatu zen Nafarroako harri jasotzaieleen txapelketa nagusia ere. Parte hartzaileek 125 kiloko zilindroari, 113ko kubikoari, eta 100 kiloko bolari ahalik eta altxaldi gehien eman behar zizkieten. Unai Bertiz sunbildarrak zilindroari 18 altxaldi eman zizkion, kubikoari 13, eta bolari 15 . Sailkapen nagusian, hirugarren gelditu zen.