«Iraila bitarte ez dute inor kaleratuko, gero ikusiko da zer erabakiko den»

TTIPI TTAPA 2007ko uzt. 24a, 11:03
Iñaki ZELAIETA LABek Maier enpresan duen ordezkaria TTIPI TTAPA

• Autoendako plastikozko piezak egiten dituen Ultzamako Maier enpresan eskualdeko aunitzek egiten du lan. Etorkizuna, ordea, ez da ziurra. LABeko Iñaki Zelaietak xehetasun gehiago eman dizkigu.
• Zuzendaritzak uztailaren 3an aurkeztutako Bideragarritasun Planaren arabera, bi pintura makinetatik bat Txekiara eraman nahi da. Horrek 107 langile kanporatzea ekarriko luke.
• Irailean amaituko da negoziazioak egiteko epea.

Zuzendaritzak Bideragarritasun Plana aurkeztu du, eta langilegoarentzat ez da batere plan ona...

Ez, ez da ona ez. Zuzendaritzak enpresan galerak egon direla esan izan du, eta Maier barne hartzen duen MCC kooperatibak dirua paratu behar izaten zuela eta ez dela errentagarria. Orain hiru hilabete-edo zuzendaritzari plan bat egiteko eskatu genion, eta uztailaren 3an aurkeztu ziguten. Plan horretan esaten dena sorpresa izan da guretzat. Une honetan, Ultzaman bi pintura makina daude. Horietatik bat itxiko zela bagenekien, legea aldatuko delako eta makina hori bazterrera geldituko delako. Baina sorpresa hartu dugu, beste makina errentagarria ez dela esan digutenean. Autoen barruko piezak pintatzen dituen makina Txekiara eraman nahi dute, eta hori horrela, 107 lagun lanik gabe gelditzeko arriskua dago. Hortxe sortu da arazoa, hainbeste jende bat-batean bidaltzeko aukera ez genuen inondik inora ere espero.

Zein izan zen zuen erantzuna?

Langileekin batzarra egin genuen eta egoeraren berri eman, zuzendaritzak eskainitako plana zertan datzan azalduz. Hortik, greba egitea erabaki zen. Izan ere, enpresak ez zuela gurekin negoziatu nahi esan zuen hasieran, eta bideragarria izateko horrela egin beharko zutela. Greba ostegun baterako deitua zegoen, baina aurreko asteartean eseri eta negoziatzeko prest agertu ziren.

Momentu honetan zertan da egoera?

Une honetan, enpresak eta langileen batzordeak negoziaketekin segituko dugu. Eraman nahi den makina hori bideragarria den ala ez aztertu behar dugu orain, eta horretarako iraila bitarteko epea dugu. Gero ikusiko dugu zer erabakitzen den, baina iraila arte jendeak lanean segituko luke, printzipioz. Irailaren 3a da negoziazio horiek ixteko azken eguna.

Enpresak egin du bertzelako proposamenik?

Bai, aurkeztu zuen Bideragarritasun Planean etorkizunean bazkide izateko proposamena aipatu zen. Hor esaten denez, 2009rako bideragarria izanen litzateke, eta orduan, bazkide sartzea proposatzeko aukera egonen litzateke. Horretarako, ordea, orain 107 langile kanporatuko lituzkete. Eta gure aldetik, hori baino lehen —kooperatiba izan baino lehen— lanpostu horiek mantentzen saiatu nahi dugula esan genuen.

Nongoak dira, batez ere, Ultzamako Maier enpresako langileak?
Baztango jendeak, Bertizaranakoak, Malerrekako asko... Leitzaldekoak eta Ultzamakoak ere badaude, Bortzirietatik etortzen denik ere bai, baita Iruñeko jendea ere. Nola ikusten duzue etorkizuna? Eraman nahi den makina errentagarria den ala ez ikusi behar da, eta errentagarria izatea lortu, bestela, lanpostuak hemendik eramanen dituzte. Guk erretagarritasuna bilatzen segituko dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun