Nafarroako Gobernuko kultura eta turismo departamentuak sustatzen duen Kultur 2007 programak Foru Erkidegoan dagoen turistaren egonaldia atseginagoa egitea du helburu eta ostiralean hasi eta ekainaren 2an akituko da.
Programak kontzertu eta kultur ekintza anitzak eskainiko ditu 26 herri edo gune ezberdinetan.
Uztailaren 20tik irailaren 2ra 4 margo erakusketa bisitatu ahal izango dira Lekunberrin, Bertizko Jaurerrian, Erriberri eta Agoitzen eta Leire eta La Olivako monastegien bezperetara bertaratu. Asteburu honetan Foru Erkidegoko bisitariek izanen dute zertaz gozatu.
Ostiralean Loinazen, Bacoren doinuak, larunbatean, Lekunberrin Alboka taldearen folk emanaldia, Mendigorrian Donejakue Abesbatzaren kontzertua eta Uxuen folk dantza saioa Amaiur dantza taldearen eskutik. Igandean ganbara musika izango da protagonista nagusia. Irantzuko monastegian Oblivion boskotea, Iratiko oihanean Oskarbi, La Pamplonesako saxofoi laukotea, Orreagan A-Cuatro taldea eta Lizason Subito Camara.
Uda osoan eta irailaren 2 arte, zenbait espazioetan ekintzak gauzatuko dira: Lekunberri, Bertizko Jaurerria, Erriberri, Agoitz, Biana, Mendigorria, Uxue, Irati oihana, Orreaga, Lizaso, Etxauri, Murtxante, Otxagi, Erronkari, Zangotza, Xabier, Los Arkos, Elizondo, Korella, Beraizko Jaurerria, Gares, Etxauri, Tutera, Lizarra eta Leire, La Oliva eta Irantzu monastegiak.
Gure eskualdeko ekintzei dagokienez, Bertizko Jaurerrian Ignacio Muroren margo erakusketa ikusgai dago ostiraletik irailaren 2ra.
Elizondon abuztuaren 4ean Merkatuko plazan arratsaldeko 17:30etik 19:30era artisauen eskulanak ikusgai izango dira eta arratsaldeko 19:30ean herri kirol erakustaldia izango da.
Irailaren 1ean Elizondoko Merkatuko Plazan berriz ere artisauen erakustaldia izango da ordu berean eta 19:30ean fanfareak giroa alaituko du.