Zugarramurdiko museoak ateak zabaldu ditu

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 20a

Zugarramurdiko sorginkeriaren interpretazio zentroaren inaugurazioa ostiralean arratsaldeko 18:00etan egin da.

Sorginkeriaren gertakariak 2 egitasmo martxan jartzea ahalbidetu du: Zugarramurdiko leizeen argiteria jartzea eta Sorginkeriaren museoa egitea.
Sorginkeriaren interpretazio zentroa, Nafarroako Gobernuko turismo eta kultura departamentuak herri entitateei azpiegitura handiak gauzatzeko emandako laguntzen barne sartzen da.

Zugarramurdiko lehenagoko ospitale zaharrean kokatzen da eta zentroak harrera, balorazio, sustapena eta eskualdearen garapen lana bilatuko du eta ekipamendu museografikoa izan nahi du, beti ere, sorginkeriaren fenomenoaren konplexutasuna ikuspegi ezberdinetatik emanez.

Museoarekin sorginkeria inguratzen duten topikoetatik aldentzea bilatzen da eta kokatua dagoen lurren historiaren omenaldi izan nahi du. Bisitariak gogoeta egin dezan bultzatu nahi du eta horretarako, denboran atzera eramango du ikus entzunezko emanaldien, ukipen interaktiboen, eszenografikoki birsorturiko guneen eta garaiko irudien bitartez, bertzeak bertze. Teknika hauekin, emozioz betetako giroa sortzea lortu da, sentibera eta bizia aldi berean.

Eraikinak 3 solairu ditu eta harrerarako eta informaziorako espazioa, ikus entzunezko eremua eta gai ezberdinak biltzen dituen erakusketa gelak.
Aurrekontua 1.490.000 eurokoa da eta Nafarroako Gobernuak, turismo eta kultura departamentuaren bidez, 816.000 eman ditu.Gainerakoa Zugarramurdiko udalak eta Cederna-Garalurrek, Interreg III fondoen bidez.
Aurkezpenera bertaratuko direnen artean Juan Ramon Corpas turismo eta kultura departamentuko kontseilaria, Jesus Agerre Zugarramurdiko alkatea, Ainhoa Agirre Sorginen museoko kudeatzailea eta Josep Maria Garcia STOA enpresaren komunikazio eta museografiako zuzendaria egon dira.
Sorginkeriaren interpretazio zentroaz gain, eta bisitariari eskaintza turistiko zabala eta artikulatua emateko, iaz Zugarramurdiko leizeen argiteri apaingarriaren egitasmoa gauzatu zen, Nafarroako mendialdeko dinamizazio planaren barne. Plan honetan Nafarroako Gobernuak 1,4 miloi euro inbertitu ditu eta mendialdeko 55 udalek aurkezturiko 22 egitasmo biltzen ditu, eskualdeko baliabide turistiko ezberdinak eratu eta balioztatzeko.
Zugarramurdiko leizeek konplexu karstikoa osatzen dute eta bere aho nagusiak 120 metro ditu bere ekialdean eta 10-12 metro mendebaldean. Bertan 2 zulo garai daude, non akelarreak ospatzen ziren.
Apaingarria den argiteria jarri da eta bere eszenatoki eta zokoetan benetan ikusgarri geratzen da.
Egitasmo honek 65.000 euroko aurrekontua izan du eta Nafarroako Gobernuak 41.760 euroko laguntza eman du eta gainerakoa Zugarramurdiko udalak finantzatu du.
Leizeak berriz ere zabaldu ziren maiatzean uholdeek eragindako kalteen ondotik. Horretarako Nafarroako Gobernuak 150.000 euroko laguntza eman du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun