Nahiz eta Elgorriagako Santiago bestak larunbatean hasi, ostiralean giroan sartzeko ekitaldi bat antolatu dute gazteek. Gauean bi rock taldek joko dute eta batukada izango da.
Larunbatean txupinazoa arratsaldeko 20:00etan jaurtiko dute. Segidan Baztan zopak dastatzeko aukera izango da eta gauean dantzaldia Sunbillako Jalisko Band taldearekin.
Igandean eguna hasteko argi soinuak izango dira. 11:00etan artisauen erakusketa eta luntxa. 17:00etan mus txapelketa eta ondotik, amuarrainaren harrapaketa eta jatea. Arratsalde eta gauez dantzaldia izango da Modesto akordiolariarekin.
Astelehenean argi soinuak egongo dira oraindik ere eguna ernatzeko aukera izan ez dutenentzat. Goizeko 10:30etik eguerdiko 14:30era haur jokoak izango dira eta ondotik, haurren bazkaria. Arratsaldeko 16:00etan ahateen bilketa jokoa egingo dute errekan eta 19:00etan antzerkia. Arratsaldez eta gauez giroa alaituko du Joxe Angel akordiolariak.
Asteartea, Santiago egunaren bezpera izango da eta goizeko 11:00etan partxis txapelketa antolatu dute. Arratsaldeko 17:00etan Gorriti eta bere animaliek ikuskizuna eskainiko dute. 20:00etan sukalde xokoan sartzeko gonbidapena luzatuko dute, patata tortila lehiaketa antolatu baitute eta, behin sariak eman ondoren, parte hartu duten tortila guztiak jateko aukera izango da. Afaria jaisteko, dantzaldia izango da arratsaldez eta gauez Modestorekin.
Santiago egunean, besten azken eguna ospatuko dute. Goizean argi soinuen ondotik, meza nagusia izango da. 12:00etan txikiek dantza erakustaldia egingo dute eta 12:30ean aspaldiko jokoa den tokan aritzeko aukera izango da. 14:00etan zikiro jatea egingo da Joxe Angel akordiolaria eta bertsolariekin eta ondotik, besten amaiera egingo dute.