Nafarroako larrialdietarako agentziako suhiltzaileak 16 aldiz atera behar izan dira asteburuan suteak direla eta. Tenperatura aunitz igo da eta haizearen eraginez aurrezaintzako lanak ongi egitea ezinezkoa gertatu da.
Sute larriena igandean gertatu zen arratsaldeko 16:20 aldera Caparroson. Zenbait momentutan eta haizearen norabidea ikusita, herriarengan eragina izango zuela uste izan zuten herritarrek.
Nafarroako larrialdietarako agentziak aurre larrialdietarako egoerako deialdia luzatu zion Caparrosoko udalari eta herriko nekazarien laguntza eskatu zuen, makinariaren bidez, kontrasuak egin eta herri aldera joatea ekiditeko.
Nafarroako Gobernuko suteen aurkako helikopteroak bertaratu ziren, Tafallakoak haizea zela eta, ez baitzuen airea hartzerik izan. Lurreko baliabide guztiak erabili zituzten eta sutea arratsaldeko 18:00etan amatatu zuten.
Igandean ere bertze sute txiki batzuk piztu ziren eta hauetatik 4 izan ziren aipagarriak:Mrcillan goizeko 12:30ean, Falcesen arratsaldeko 15:45ean, Lodosan gaueko 21:55ean eta Lesakan arratsaldeko 17:15ean.
Lesakako Nabaz auzoan larre hektarea erdi batek, sega makina batek eta belar meta batek su hartu zuten. Lurren jabea bertako osasun etxera garraiatu behar izan zuten zenbait erredura jasan baitzituen sua itzaltzeko ahalegina egiten ari zenean.
Bertzalde, Nafarroako Gobernuko suhiltzaileek bertze lau sute txiki itzali zituzten, Tuteran, Lodosan eta Erratzun. Azken honetan, lasto paka batek su hartu zuen arratsaldeko 15:30ean.