Ituren arpanlari hoberenen hitzordua izan da

Goizalde URDANPILLETA 2007ko uztailaren 17a

Igandean, uztailaren 15ean, arratsaldeko 18:00etan hasita, Euskal Herriko arpanlari txapelketako kanporaketa ospatu zen Iturengo plazan Nafarroako Herri Kirol federazioak antolaturik.

Kanporaketa honen Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako bikoteek hartuko dute parte. Bizkaitik 2 bikote, Gipuzkoatik 5 eta Nafarroatik 6 aritu behar ziren, baina azkenean 11 izan ziren parte hartzaileak.
Lan hau osatu behar izan zuten:
45 ontzakoari, goitik beherako 5 ebaketa, enborra etzanda zegoela.
45 ontzakoari, ezkerretik eskuinera 5 ebaketa, enborra zutik zegoela.
45 ontzakoari, goitik beherako 5 ebaketa, enborra etzanda zegoela.

Kirolariek atseden hartzen zuten bitartean, Joxe Bikondoak erakustaldiak egin zituen. Altuera batean enbor bat ebaki zuen lehenik, gero motozerrarekin zerrak egin zituen baina hauek eror ez zitezen ahalegina egiten eta azkenean, motozerrarekin zizelkatzen aritu zen.

Bikoteak 3 txandetan banatu ziren.Lehenik, 4 bikote aritu ziren, gero bertze 4 eta azkenean, 3.
Kanporaketa honetan sailkatzen ziren lehen 6 bikoteek Euskal Herriko 1. Mailako Txapelketan parte hartzeko aukera izango zuten, eta gainontzekoek, 2. mailako Txapelketan.

Lau minutu eta 56 segundoko denbora eginez, Mikel Bertiz sunbildarrak eta Xabier Urrutia arraioztarrak 6. postua lortu zuten eta beraz, lehen mailako txapelketan jarraitzeko txartela. Anizko Andoni Irigoien eta Arraiozko Josetxo Telletxea ez ziren hain fin ibili eta kanporaketan 8. bukatu zutenez, 2. mailako txapelketan ariko dira.
Igandeko kanporaketan hoberenak Gipuzkoako Aitor eta Igor Esnaola izan ziren. Lana 3 minutu eta 38 segundotan osatu zuten. Bigarren Iraizozko Iñaki eta Josetxo Barberena izan ziren 4minutu eta 16 segundurekin. Hirugarrenak Bizkaiko Jon Intxaurbe eta Jabi Olivares izan ziren 4:22 segundurekin. Laugarren Andoni Rezabal eta Aitor Roteta izan ziren eta bosgarren, Xabier eta Mikelen aitzinetik, Berriozarko Oier Aizkorbe eta Jose Luis Cano.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun