Bidasoaldeko folklore jaialdia asteazkenean hasiko da

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 17a

Asteazkenean Bidasoaldeko XI. Nazioarteko gazteen folklore jaialdia hasiko da. Arratsaldeko 20:30ean harrera egingo zaie agintariei Irungo udaletxean. 21:30ean Udaletik Euskal Jai frontoira desfilea egingo da. 22:00etan jaialdiaren inaugurazio ekitaldia izango da. Parte hartuko dute: Peruko Inkamerica, Ucraniako Polisyanocha, Galiziako Vesselinka eta Behobiako Eraiki dantza taldeak parte hartuko dute.

Ostegunean arratsaldeko 20:00etan Berako Altzate plazan emanaldia eskainiko dute Peruko Inkamerica, Bashkortostango Vesselinka eta Behobiako Erakiki dantza taldeek.

Ostiralean arratsaldeko 20:00etan desfilea izango da Zarautzko kaleetan eta 23:00etan Zarauzko Munoa plazan saioa egingo dute Peruko Inkamerica, Bashkortostango Vesselinka, Ucraniako Polisyanochka, Galiziako Queixumes don Pino seta Behobiako Eraiki dantza taldeek.

Larunbatean 10:30ean dantza tailerra eskainiko dute parte hartzaileek Irungo Zabalgunea plazan. 19:30ean desfilea egingo da Lesakako kaleetan eta 20:00etan emanaldia plaza zaharrean. Parte hartuko dute, Galiziako Queixumes dos Pinos, Peruko Inkamerica, Ucraniako Polisyanochka eta Behobiako Eraki taldeek.

Igandean, goizeko emanaldia Etxalarren izango da eta 11:30ean hasiko da. Bashkortostango Vesselinka, Peruko Inkamerica eta Eraiki taldeak ariko dira. Eguerdiko 13:00etan desfilea egingo da Zumaiako kaleetan. 19:00etan Eusebio Gurrutxaga plazan emanaldia izango da, Bashkortostango Vesselinka, Galiziako Queixumes dos Pinos, Peruko Inkamerica, Ucraniako Polisyanochka eta Behobiako taldeen eskutik.
Astelehenean Irungo Euskal Jai frontoian jaialdiaren amaiera ekitaldia egingo da. Gazte talde guztiek parte hartuko dute ekitaldian.
1978. urtean Euskal Herriko dantza herrikoiak bultzatzeko helburuarekin Behobiako gazte batzuk sortu zuten Eraiki dantza taldea. Gaur egun dantza taldea 150 pertsonek osatzen dute, haur eta helduak kontutan hartuz. Bere ekintza esparrua Euskal Herrira zabaltzen da, baita Espainian zehar, adibidez, Tarragona, Asturias, Toledo, Albacete eta Galicia. Nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu dute: Jelenia Gora, Lodz eta Zielona Gora, Polonian; Noussa, Grezian; Telsiai eta Vilnius, Lituanian; Rabat, Marocon; Kazinbarzika, Hungarian; Neuchâtel, Suitzan; Zvolen, Eslovakian; Gençay, Frantzian, Nova Prata, Brasilen eta Elters eta Thale, Alemanian.
Euskal Dantzarien Biltzarreko partaidea da eta Eusko Jaurlaritzako Elkarteen erregistroan izena emana du sortu zenetik.
Eraiki dantza taldeak 1997. urtetik Bidasoaldeko Nazioarteko gazteen folklore jaialdia antolatzen du. Helburu nagusia, folklorea erabiliz munduko kultura ezberdinak errespetatzea eta ezagutzera ematea da. Herrien arteko elkar une bezala erabiliz.
Gainerako taldeak ere ezagutu ditzagun.
Baskortostaneko Vesselinka dantza talde koreografiko gaztea. Baskortostaneko errepublika, Europa ekialdean kokatuta dago, Ural mendikatearen hegoaldean, Europa eta Asia arteko mugan.
Vesselinka taldea, 1993. urtean sortu zen, orduz geroztik herrialdean bertan zein atzerrian emanaldi ugarietan parte hartuz. Taldearen errepertorioa 40tik gora koreografiek osatzen dute, folklore errusiar zein baskhiriarrean oinarritutakoak. Kantuak, instrumentu tradizionalekin jotako musikak eta larriz eta zilarrezko bitxiz osatutako jantziek, baskhir kulturaren ordezkari esanguratsua egiten dute talde hau.
Polisyanochka gazteen dantza talde koreografikoa. Ukrania Europako 2. herrialderik handiena da eta 24 probintziatik banaturik dago.
Polisyanochka haurren dantza talde koreografikoa, Rivneko Polisyanka kultur etxearen inguruan sortu zen 1989. urtean. Orduz geroztik, herrialde osotik zein Europatik hainbat emanaldi eskaini ditu. Taldea, ballet klasikoko koreografo garrantzitsuek zuzentzen dute eta haurren bitartez kultura eta arte ukraniarra ezagutzera eman nahi dute.
Queixumes dos Pinos dantza taldea. Os pinos galiziar ereserkiaren izen ofiziosoa da, Galiziako ikur akustikorik garrantzitsuena.
Queixumes dos Pintos 1994. urtean sortu zen bere inguruko folklorea sustatzeko asmoarekin. Taldea hainbat maila ezberdinetan banatuta dago, adinaren araberako irizpidea jarraituz. Queixumes dos Pinos herri kulturaren zabalkunde, mantentze eta zaintzan lan handia egiten duen familia handia da.
Inkamericako Santisimo Nombre de Jesus dantza taldea. Herri peruarrak etnia aunitz biltzen ditu, aberastasun kultural eta historiko handia lortuz, zibilizazio europear eta andinoa batzearen ondorioz.
Inkamerica taldeak taularatzen dituen Peruko dantzen artean errito erlijioso eta eguneroko ohiturak erakusten dituzten dantzak daude gehienbat. Dantza hauen bizitasuna indartua agertzen da instrumentu tradizionalei eta kolore biziko trajeei esker.
Talde honen eskutik, beste garai eta mundu bateko ohiturak ikus ahal izango dira.
Antolatzailea Eraiki dantza taldea da eta laguntzaileak, tokian tokiko udalak eta kultur batzordeak, Cadena Ser Irun eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun