Kider txapelketako finala jokatu da

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 16a

Larunbatean Uharteko Euskal Jai Berri frontoian, Kider txapelketako finala jokatu zen. Koteto Ezkurra eta Patxi Olazar osaba-ilobek osatutako bikoteak bere nagusitasuna erakutsi zuen. Momentu honetan modalitate honetako nagusia den Koteto Ezkurrak erakustaldia egin zuen eta Zeberio II eta San Migel mendean hartu zituzten 40 eta 37. Partida bizia izan zen, erritmo eta bizitasunez jokatua eta markagailuan zalantzak izan ziren azken momentu arte.
Ezkurrak ez zuen partida bikaina jokatu, baina hala ere, berak ezarri zuen diferentzia erremontelarien artean.Patxi Zeberio bera urkariak baino hobeki eta gehiago errematatu zuen aurreko koadroetan eta behin baino gehiagotan Olazarreri lagundu zion atzelarien pilotakadak eginez.

Ezkurra ongi hasi zen, baina Zeberio II eta San Migelek eusten zioten lehen zatian. Bigarrenean, Zeberio II ez zen hainbertze sartu jokoan eta Olazar sakean fin ibili zen arren, Ezkurrak beti erantzuna ematen zion.
Abantaila handiena neurketaren bukaeran eman zen, 36-30 markagailuarekin. Bazirudien dena erabakita geratuko zela, baina orduan urdinek 5 tantotako bolada egin zuten eta 36-35ean geratu ziren.
Baina osaba-olibek partidaren martxa hartu zuten berriz ere eta txapela erdietsi arte ez zuten etsitu.

Patxi Olazar doneztebarrak bere hirugarren txapela lortu zuen, baina txapelketa handien artean, lehena.
Ezkurrak badaki zer den txapela bat irabaztea, baina familian irabazteak oraindik ere poztasun handiagoa ematen dio. Abuztuan Casino Kursaal, edo banakako txapelketa jokatuko du eta hori hitzordu garrantzitsua da erremonte profesionalean.

Erremontea itzuli da astelehenean Galarreta frontoira eta San Fermin txapelketa jokatu ondotik, Euskal Jai Berri frontoiak atseden hartuko du uda bukaera arte. Jaialdia arratsaldeko 16:00etan hasiko da eta partida nagusian Bitoria eta Aizpuruk, Etxeberria IV eta Urrutiaren aurka jokatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun