Arkupeak elkarteak uztailerako ateraldiak prest

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 16a

Arkupeak jubilatu eta pentsionisten elkarteak 3 ateraldi garrantzitsu prestatu ditu uztailerako. Gainera ohikoak diren 3 ekintzak aurkezten dizkigute: Gorraizko aitatxi-amatxien besta, Lurdesera bidaia eta Pirineoetara.

Aurten Lourdeserako bidaia elkarteak eta eskualdeko zenbait apezek antolatu dute. 2 egunetako bidaia izango da eta uztailaren 23eta 24an egingo da. Egitarauan erien prozesioa, gruta, zonaldeko kaperan meza eta bertze zenbait ekintza sartzen dira. Bidai honek kutsu erlijiosoa du eta Arkupeak elkarteko urteroko egutegian sartzen da.

Bestalde, uztailaren 29an aitatxi-amatxien besta ospatuko da. Eguna hasteko, meza izanen da Aralarko Migel deunaren saindutegian eta bukatzeko, Gorraizen bazkari eta dantzaldia izango da.

Baina udako ekintza interesgarrienetakoa Pirineoetara egingo den ateraldia da. Arkupeak elkarteko kideek oinarrizko kanpamendua Sabiñanigo herrian jarriko dute eta hortik ateraldiak egingo dituzte uztailaren 28tik abuztuaren 1era. Gaikako parkea den Pirenarium bisita daiteke, museo etnografikoa eta marrazkiarena, Ordesako Parke nazionala, Bolea, Loarre, Limaseko landa eskola museoa, Rigloseko Los Mallos, Artouste eta abar.

Hortaz, udan ere ez direla geldirik egoten gure eskualdeko adinduak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun