Arazoak Ultzamako Maier enpresan

TTIPI TTAPA 2007ko uzt. 16a, 09:39

Nafarroako Maier enpresan plastikoen eraldaketa egiten da eta erreferentziatzat dauka Arrasateko kooperatiba taldea. 1997. urtean ezarri zen Iraizozko Elordi industrigunean. Azken urteetan nazioartera zabaltzeko prozesua abiatu du.

Pasa den astean zuzendaritzak bilerak egin ditu enpresa osatzen duten atal ezberdinetako langileekin. Honen helburua, ekonomi bideragarritasun planean aurre ikusten diren 107 kanporatzeen zifra behin behinekoa izatea zen.

Bilera hauetan zuzendariek langileei proposatu zieten 2009. urtetik enpresaren modu juridikoa aldatzea. Elkarte mugatua izatetik, kooperatiba izatera pasako litzateke. Bazkideak, momentu horretan geratuko liratekeen langileak izango lirateke.

Zuzendaritzak dituen egitasmoen artean, Nafarroako Maierrek duen negozio unitatea den heldulekuan produkzioaren lekualdaketa aurkitzen da. Hau Txekiar Errepublikara eramango lukete.

Enpresa batzordea LABeko lau ordezkarik, ELAko bertze 4k eta UGTko bik osatzen dute. Hauek zuzendaritzari eskatu diote lanpostu guztiak berma ditzan.
Bestalde, bertze eskaera bat egin dute eta horren arabera, 59 pertsonei lana ematen dien pintura makina bat mantentzea dago. Enpresak duen bertze pintura makinak 40 pertsonei lana ematen die.
Lehen momentuan, ostegunerako greba deialdia luzatu zuten, baina azkenean zuzendaritza batzordea eta enpresa batzordea bildu dira eta irailaren 3 arte ez dira aldaketak egingo.
Egun oso bat iraun dute negoziazioek eta astearte gauean bideragarritasun plana momentuan gibelatzea eta lantokiaren etorkizuna elkarrekin aztertzeko solasaldi berriak abiarazi ziren. Hala, enpresak kanporatzeak ez gauzatu eta pintura makinak fabrikatik ez eramateko konpromezua hartu du, lehenago hala iragarri baitzuen.
Hemendik aitzin, enpresa eta sindikatuek plantaren etorkizuna batzordeen bidez negoziatuko dute. Asteazkenean hitzartu zen egutegia eta horren arabera, akordioa lortzeko hilabete pasatxoko epea ezarri dute. Orduan erabakiko da ze baldintzetan geratzen den plantaren etorkizuna.
Zuzendaritza eta enpresa batzordeak astearte gauen lortu zuten aurre akordioa asteazkenean berretsi zuten langileek asanblada baten bidez. Langileen %70 inguruk akordioari on ikusia eman zioten.
Ulzamako alkatea den Patxi Perezek agertu du enpresa batzordea eta zuzendaritza batzordeari udalarekin biltzeko deialdia egin diela. Udalak Nafarroako industri zoruari (Nasuinsa) lurra eman zion Mairrek bete zezan eta horrela, Ulzamako industri garapena bultzatzeko. Ba omen da handitze egitasmo bat lurzorua uzteko industri erabilpena emateko, baina egoera hau momentuan, airean geratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun