Leitzako Aurrera taldeak Nafarroako Herriarteko Cajanavarra txapelketa irabazi du Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako finalean.
Finala berdinduta joan zen eta Leitzak garaipenak eskuratu zituen alebin eta infantil mailetan eta Huartek jubenil eta seniorretan. Beraz, tanto aldeengatik erabaki zen. Leitzarrek beraien arerioek baino 7 tanto gehiago lortu zituzten 47-54.
Beraz, Herriarteko 3. txapelketa eraman dute herrira, baina 1973. urtetik ez zuten balentria hori lortu.
Leitzako taldeak 1.350 euro eskuratu zituen eta Nafarroako afizionatu mailako saririk preziatuena eramateko ohorea.
Huarte txapeldun izan zen duela 3 urte eta aurten txapeldun orde izateagatik, 950 euro jaso ditu.
Leitzak garaipena lehen 2 partidetan landu zuen. Mikel Sagastizabeltza eta Anartz Olanok 18 eta 2 mendean hartu zituzten Luis Sanchez eta Aritz Goñik.
Infantiletan Jose Ramon Aldaregia eta Jon Jaurena, berriko Elgetako lau t´erdiko txapelketako irabazleek mendean hartu zituzten Igor de la Fuente eta Ander Mina, 18 eta 1eko emaitzagatik.
Huartek 2 porrot horiek espero zituen, eta hortaz, bere ahalegin guztia jubenil eta seniorretan jarri behar zuen.
Imanol Garralda eta Mikel Beroiz aise nagusitu ziren Oihan Aldunzin eta Aitor Goikoetxearen aitzinean 22 eta 1.
Beraz, dena senior mailakoan erabaki behar zen. Leitzak 10 tanto egitea nahikoa zuen, baina Leitzarrek ahal zuten guztia egin zuten gehiago erdiesteko.
Laster Aspe enpresarekin debutatuko duen Mikel Olazabal eta Mikel Iriartek 17 tanto egin zizkieten Migel Angel Errea eta Josu Lizasoaineri.
10. tantoa egitean tituloa eskura zuten eta Andres Aranburu botileroak Iñaki Etxandi, Huarteko botileroaren eta epaileen zorionak jaso zituen.
Kategoria bakoitzeko irabazleek oroigarria eta txapela jaso zituzten eta Leitzako alkatea den Xabier Zabalok eta Huartekoa den Jabier Basterrak txapeldun eta txapeldun ordekoen sariak jaso zituzten federazioko presidente eta presidente orde diren Miguel Algel Pozueta eta Pedro Martinezen eskutik. Cajanavarra entitate babeslearen izenean Mari Jose Soriak ere ekitaldian parte hartu zuen.