Merkealdiak uztailaren 1ean hasi dira

TTIPI TTAPA 2007ko uzt. 11a, 11:14

Iratxe kontsumitzaile elkarteak merkealdiei buruzko inkesta bat egin du. 400 pertsona galdekatu ziren. 253 pertsonek erran zuten merkealdia garaia aprobetxatzen zutela erosketak egiteko. %35a ez da merkealdien zain egoten erosteko. %31ak 60 euro baino gutxiago gastatzen dute. Gastuaren bataz bertzekoa 143 eurotan dago. Baina gastu hau igotzen da merkealdien zaletuen artean, hauek 177 euro gastatzen bai dituzte eta merkealdien zain daudenek, 186. Gehienbat arropa eta oinetakoak erosteko aprobetxatzen dituzte merkealdiak. Emakumeak dira gehienbat merkealdietara joaten direnak, %67 eta adin tarteari dagokionez, 30 eta 45 urte artekoak dira %75ean.
Merkealdiek gutxienez astebete eta gehienez 2 hilabete iraungo dute. Iratxe Nafarroako kontsumitzaile elkarteak, hau dela eta, inkesta bat gauzatu du Cies enpresaren bidez eta bertan nafarrek nola bizitze duten garai hau islatzen da: kontsumorako ohiturak, gastua, erosketak…

Iratxetik aholkatzen dute kontsumoa moderatzea, denboraldiko produktuetan prezioen murriztapenak gehiegizko kontsumo batera eramaten baitu.

Merkealditan erosteko aholku batzuk ematen ditu elkarteak:
1. Erosketaren beharra neurtu eta benetan beharrezkoa denaren zerrenda zehatza egin.
2. Ez erosi presaren eraginpean. Ordu lasaienak aprobetxatu eta modaz pasatzen ez diren artikuluak erosten saiatu.
3. Prezioak konparatu. Artikulu bera establezimendu batean garestiago izan daiteke, nahiz eta merkatua egon.
4. Ziurtatu merkatutako prezioaren ondoan lehenagoko prezioa agertzen dela eta egungo diseinua duela.
5. Konprobatu produktuen etiketa zuzena dela. Ikusi garbitzeko era. Aurki gaitezke produktu bat oso merke dagoela, garbitzeko ikuztegira eraman beharko dugulako.
6. Merkealditan saltzen diren artikuluak lehenagotik eta hilabete bateko epean ohiko salmentan egon beharko dira eta ezin dira bertze promoziotan sartuak egon epe horretan.
7. Tailak, koloreak, kremailerak…konproba itzazu. Merkealdiek kalitate bera prezio apalago batean eskaini beharko dute.
8. Faktura eurotan exijitu. Gorde faktura edo erosketaren ziurtagiria, erreklamazioa egiterako orduan baliagarriak izango diren bakarrak bai dira.
9. 2003ko irailaren 11tik artikulu guztiek gutxienez 2 urteko bermea dute.
10. Ordaindu baino lehen galdetu artikulua aldatzeko aukera ote dagoen. Komertzialek aldatu edo moldatzeko eginbeharra dute urteko edozein garaitan bezala. Soilik konponketa edo aldaketa neurriz kanpokoa izango balitz, dirua itzultzeko eskubidea izango litzateke.
11. Kontsumitzaileak exiji dezake erakusleihoan dagoen artikulua saltzea, nahiz eta saltzaileak eska dezakeen egun batzuetan zain egon gaitezen erakusleihoa berriz ez moldatzearren.
12. Erne egon ilarekin. Beti ez dira merkatzearen sinonimo izaten.
13. Kontuz tailekin. Denda batean produktu beraren taila kopuru handia dagoenean, kontuz ibili behar da. Deus saldu ez izanaren zantzua da edo bestela, merkealditarako espres erosi izanarena.
14. Establezimendu batean txartelaz ordain daitekeenaren bereizgarria agertzen denean, beti onartu beharko dute.
15. Erreklamazio orriak eskatu zure eskubideak urratuak suertatu badira eta zalantzarik gabe kontsumitzaile elkartera jo.

Legalki ez da gauza bera salmenta bat egitea promozio garaian edo merkealditan.
Merkealdiak soilik urteko bi momentutan izan daitezke: urte hasieran eta udan. Gutxienez astebete eta gehienez bi hilabete iraun dezakete.
Saldoetan arrazoi batengatik edo bertzearengatik merkatuaren balioa galduta duen produktua salgai jartzen da.
Likidazioetan ezohiko salmentak egiten dira artikulu bat bukatu ahal izateko. Arrazoiak pisu handikoak izaten dira: negozioa lekuz aldatzea, edo ekinbidea erabat edo guztiz desagertzea.
Promozioetan produktu zehatz batzuk prezio apalago batean edo baldintza hobeetan ateratzen dira salmenta bulkatzeko edo sustatzaile diren establezimenduen garapena areagotzeko.

Nafarroako kontsumitzaileok geroz eta prestakuntza eta informazio zabalagoa dugu merkealdietan erosterakoan dauden eskubideei buruz. Dena den, urtero egiten diren kontsultak areagotzen dira.
Erosketak egiteko aproposa den garai honetan kontuz ibiltzeko aholkua ematen du Iratxe kontsumitzaile elkarteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!