Baztan nagusi Belate txapelketan

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 11

Belate adarreko esku pilota txapelketako finala jokatu berri dute Lesaka eta Baztanek Barañaingo Retegi II frontoian eta baztandarrak 2-1 nagusitu ziren lesakarren aitzinean.

Nafarroako herri arteko txapelketa hau maiatzean hasi zen eta hainbat herrik hartu dute parte: Tafalla, Altsasu, Igantzi, Bera, Etxarri-Arantz, Baztan, Lesaka, Ultzama, Larraun eta Arbizu. Final erdiak Baztan, Lesaka, Igantzi eta Ultzamak jokatu zituzten. Baztanek 3-0 irabazi zion Ultzamari, eta Lesakak 2-1 Igantziri.

Barañainen jokatutako finalean baztandarrek abantaila lortu zuten benjamin mailako partida irabazi eta gero. Lehen puntua erdiesteaz gain, markagailua nabarmena izan zen eta horrek ere balio du. Anso eta Asiainek 18-6 irabazi zieten Ubiria eta Oronozeri. Alebin mailako neurketa izan zen parekatuena. Arbelaiz eta Zamorano lesakarrek 18-14 irabazi zieten Almandoz eta Trantxeri. Titulua erabaki behar zuen norgehiagoka infantil mailakoa izan behar zen.Lesakako Maia eta Sanjurjok bikote ona osatzen dute, badute aunitz denbora elkarrekin jokatzen, baina Arizmendi eta Apeztegia Baztango bikotea18-15 nagusitu ziren.

Bertzalde, uztailaren 4ean Mendillorriko trinketean Nafarroako XX. Kirol Jolasen finalak jokatu ziren. Eskuz kadete mailako bikoteak lehiatu ziren eta banaka, jubenilak. Lehenengoan Burlatako Zugarralde taldeko Artuch eta Juanena, talde bereko Gaichi eta Zabalzaren aurka irabazi zuten.
Bigarren norgehiagokan talde berekoak ari ziren.Eskuz banaka Doneztebeko Erreka taldeko Zelaieta eta Baleztena nor baino nor aritu ziren. Partiduaren hasieran Baleztena nagusitu zen, baina gero Zelaietak berdindu eta gailendu zuen. Baina uste zenean Zelaietaren alde izango zela, Baleztenak 35-32 irabazi zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun