Eugi eta Laskurainek Mikel Goñi eta Pascualen aurka galdu zuten 19-22 astelehen arratsaldean Lesakako San Fermin besten barne antolatutako jaialdian. Frontoia jendez bete zen, gehienbat oronoztarraren jokoa ikusi nahian.
Eibarko Astelehena frontoian egin zuen bere berragerpena Aspe enpresarekin. Egun horretako partidan gogoa erakutsi zuen arren, ez zen nahikoa izan garaipena erdiesteko. Baina ordutik hona jokatutako norgehiagoka guztiak irabazi ditu.
Lesakan bi aurrelariak ongi aritu ziren eta jendeak ikuskizunaz gozatu zuen.
Mikel Goñik 11 tanto egin zituen jokaldietan eta bertze 4 sakean.
Aurrelariak ongi, baina atzelariak ez ziren fin ibili. Soraluzekoak ohi baino akats gehiago egin zituen.
Mikel Goñi eta Pascual markagailuan aurretik ibili ziren, 15-20 eta 17-21. Baina nahiko estu ibili ziren Eugi eta Laskurain 19-21era iritsi zirenean.
Mikel Goñirekin jarraituz, baina Lesakatik Iruñeko Labritera jauzi eginez, aipatu asteartean San Fermin bestetako norgehiagoka izango dela. Bigarren aldia da San Ferminetako jaialdietan sartzen dutela. Aspeko pilotariak Martinez de Eulaterekin bikotea osatuko du eta Arretxe II eta Zearra izanen dituzte arerio.
Gauerdian hasiko da jaialdia eta Beloki II- Apraiz, Larralde-Apeztegiaren aurkakoa izanen da lehenengo partida.
Bigarrenean Olaizola II-Begino, Olaizola I-Patxi Ruzen artekoa izanen da, eta azkenean Mikel Goñik parte hartuko duena.
Oronozko aurrelariak uztailaren 7an jokatu zuen Goñi III.arekin, Leiza eta Argoteren aurka.
Baina asteartekoa ez da San Ferminetan izango duen azken agerraldia. Uztailaren 13an jokatuko du lehenengo partidan.