Erremonteko Kider txapelketako lehen final erdia gaur jokatuko da arratsaldeko 16:00etan Uharteko Euskal Jai Berri frontoian.
Pilota modalitate honetako erremontelari garrantzitsuena den Koteto Ezkurra lehian sartuko da. Kotetok Doneztebeko atzelari gazte bat izanen du lagun, Olazar, eta arerioak Altuna I eta Etxeberria III.a izanen dira. Hortaz, lau erremontelarietatik 3 doneztebarrak izanen dira.
Kotetorekin bikote ateratzen denak, beti faborito papera betetzen du, eta halaxe gertatzen da txapelketa honetan ere. Gainera, kirolean lagun izateaz gain, Patxi Olazar bere iloba da, eta hortaz, elkar aski ongi ezagutzen dute.
Aurrean bikote gogorra dute. Altuna I eta Etxebrria III. ak final laurdenetan Urriza eta Iñaki Lizaso doneztebarra kanporatu zituzten. Partiduan Imanol Altunak joko bikaina erakutsi zuen.
2006an Kider txapelketako txapeldunak izan ziren Ezkurra eta Etxeberria III.a, eta oraingoan, aurrez-aurre izanen direnez, bat kanpoan geratuko da.
Sarrerak 15 euro kosta dira eta 25 urtez azpikoek doan izango dute.