San Ferminetan herri-kirol jaialdi arrakastatsuak

Goizalde URDANPILLETA 2007ko uztailaren 10a

Mikel Bertiz eta Xabier Urrutia arpanean TTIPI TTAPA

Igandean Nafarroako Herri Kirol federazioak San Ferminak direla eta, urtero antolatzen dituen herri kirol jaialdi eta lehiaketen barne, egun interesgarria ospatu zen.
Denetara 4 txapelketa ziren jokoan: Nafarroako 1. mailako arpana txapelketa, Nafarroako kadete mailako arpana txapelketa, Nafarroako lasto altxatze txapelketa eta Nafarroako bikotekako aizkolari txapelketa.
Eguraldia lagun izan zen, 24 gradutako tenperatura eta nahiko eguzkitsu baitzen. Kirolariek ez dute maite sobera bero egitea, izan ere, Foruen enparantzan beroa pilatzen baita eta gehiago sufritzen baitute.
Foruen enparantzan ospatzen diren jaialdi hauek arrakasta izaten dute. Aurten berrikuntza izan da, normalki antolakuntzarako gune berezi bat prestatzen baita, baina aurten aulki soil batzuk jarri dituzte.

Nafarroako Herri Kirol federazioko idazkaria den Arantxa Ariztegi eta Presidentea den Joselu Retegi bertan ziren, egunero moduan. Mahaian, txapelak, oroigarriak eta bertzelakoak prest zituzten banatzeko, eta kirolariak, bitartean, urduri. Kirolariek aunitz ordu, egun eta hilabete egiten dituzte entrenatzen. Baina aunitzetan beraien lana ez da plazan islatzen. Urduritasuna ez da beti lagun izaten, eta gehienbat gazteenek dexente pairatu behar izaten dute eta entrenamenduetan ematen duten maila ematea kosta egiten zaie.
Beteranoenek urteetako esperientzia dute eta badakite zer den plaza-gizona izateak zer suposatzen duen.
Eguerdiko 12.00etarako plaza jendez gainezka zegoen eta hori antolatzaileek ederki eskertzen dute, eta baita kirolariek ere. Ikusleak iruindarrak ez ezik, gure eskualdekoak ere izaten dira, kirolari aunitz bertakoak izaten baitira. Baina atzerritarrek ere ikusmina izaten dute jendetza ikusita, bertan geratzen dira. Gainera zenbait egunetan herritarren arteko desafioak ere egiten dira, hala nola, txinga erutea, eta plaza gehien egiten duenak urdai azpikoa eramaten du.
Igandekoa lehen saioa izan zen 2007 urteari dagokionez, eta normalki puntualak izaten diren arren, ez zen hala gertatu. Nonbait arpanlari batzuk eraman zituzten arpanak ez ziren arauzkoak eta hortaz, gibelatu egin zen hasiera.
Lehenik kirolari guztien aurkezpena egin zen, eta gero, gazteenak hasi ziren. Kadete mailako arpana txapelketa zen jokoan.

Hortz amerikarrak edo australiarrak ezik, gainontzeko marka guztiak onartzen dira. Arpanaren gehienezko luzera 160 zentimetrokoa da. Etzanda jarritako 100 zentimetroko perimetroa duen enbor bati 10 korte eman behar izaten diote.
Kadete mailan, parte hartzaileak 13 eta 16 urte artekoak dira.
Andra Mari taldekoak 15 eta 16 urtekoak dira. Berriozarko bikoteak 13 eta 15 urte ditu. Ulzamakoak 15 eta Basaburua taldetik aurkeztu dira bikote gehienak.
Zigako Mikel Igoa eta Anizko Gabon Gamiok 15 urte dituzte.
Berroetako Beñat Gartxitorenak eta Asier Gamiok 14 urte.
Berroetako Andoni Barrenetxe eta Iruritako Egoitz Primek 14.
Iruritako Jose Ignacio Iribarrenek 16 eta Unai Apeztegiak 15.
2 txandetan banatu zituzten 8 bikoteak, jendeak ere hobe ikus zezan.
Lehenengoan, Andra Mari taldeko Iker Bakaikoa eta Joseba Ezkurdia, eta Basaburuako Mikel Igoa eta Gamon Gamio, Beñat Gartxitorena eta Asier Gamio eta Asier Barrenetxe eta Egoitz Prim aritu ziren eta bigarrenean, Andra Mariko Ekaitz Gabirondo eta Mikel Mendinueta, Basaburuako Jose Ignacio Iribarren eta Unai Apeztegia, Berriozarko Josu Uharte eta Eder Goldarazena eta Ultzamako Mikel Eugi eta Ander Iribarren.
Azkenean honela geratu zen sailkapena:
1. Mikel Eugi eta Ander Iribarren 5:20:50
2. Jose Ignacio Iribarren eta Unai Apeztegia 6:26:90
3. Mikel Igoa eta Gabon Gamio 7:25.89
4. Josu Uharte eta Eder Goldarazena 7:27:91
5. Beñat Gartxitorena eta Asier Gamio 9:11:90
6. Iker Bakaikoa eta Joseba Ezkurdia 9:28:04
7. Andoni Barrenetxe eta Egoitz Prim 11:25:53
8. Ekaitz Gabirondo eta Mikel Mendinueta 14:30:90

Segidan, Nafarroako lasto altxatze txapelketa jokatu zen. Haize pixka bat ari zuen eta hori ez da batere lagungarria izaten kirol modalitate honetan.
Azken urteetan, Igantziko taldeak lan handia egiten du eta urtero bere taldekideak lehiatzen dira.
Igandean ere parte hartzaile guztiak igantziarrak ziren. Urte guztia elkarrekin entrenatzen ematen dute, eta egun batez aurrez-aurre izaten dira.
Adin aldetik denak gazteak dira, Xabi Sein eta Iñaki Berauk 26 urte dituzte, Oskar Telletxeak 29 eta Carlos Seinek 22.
45 kiloko lasto fardoa ahalik eta gehien altxatu behar izan dute 2 minutuz eta polea 7 metrotara jartzen dute.
Iñaki Bereau 2 aldiz izan da Nafarroako txapeldun 2002 eta 2003an, 2004. urtean Euskal Herriko txapeldun izan zen eta 7 aldiz izan da txapeldunorde, 1997, 1998, 1999, 2000,2001, 2004 eta 2005ean.
Xabi Sein 4 aldiz izan da Nafarroako txapeldun, 2001, 2004, 2005 eta 2006an. 2002 eta 2003 urteetan txapeldun orde izan zen.
Lehenik Iñaki Bereau aritu zen eta lan polita egin zuen, segidan, Xabi Sein ,Oskar eta Carlos. Carlosek ez zuen zorte handiegirik izan eta soka pare bat aldiz trabatu zitzaionez, bertan behera uztea erabaki zuen.
Sailkapena honela geratu zen:
1. Iñaki Bereau 21 altxaldi
2. Xabi Sein 19 altxaldi eta 20garrena 3 segundutara
3. Oskar Telletxea 19 altxaldi eta 20garrena 4 segundutara
4. Carlos Sein 16 altxaldi

Behin igantziarrek bere lana osatu zutenean, Nafarroako 1. mailako arpana txapelketako kirolariak plazaratu ziren.
Kategori honetan, edozein arpana erabil daiteke, australiarra, amerikarra…Azken urteotan amerikarrak erabiltzen dira txapelketa honetan.
Parte hartzaileen artean beteranoena Arraiozko Josetxo Telletxea da 45 urterekin eta gazteena, Berriozarko Oier Aizkorbe 22 urterekin. Pikabea anaiek 1994 eta 1997an lortu zuten.
Barberena anaiak 2004 eta 2006an izan ziren txapeldun.
Jose Luis Cano eta Oier Aizkorbe 2005ean suertatu ziren garaile.
Kana erdiko enborrari 14 korte etzanda eta 4 zutik eman behar izan zizkioten eta honela geratu zen sailkapena:
1. Iraizozko Barberena anaiak 8:26.08
2. Berriozarko Oier Aizkorbe eta Jose Luis Cano 9:41:37
3. Sunbillako Mikel Bertiz eta Arraiozko Xabier Urrutia 10:20.77
4. Arraiozko Josetxo Telletxea eta Anizko Andoni Irigoien 12:34:21
5. Gerendiaingo Esteban Pikabea eta Ripako Albaro Morrondo 14:17:66
Ondotik, Nafarroako 1. mailako bikotekako aizkolari txapelketa jokatu zen. Sei kana erdiko eta 1,252 perimetroa dutenak eta sei 60 ontzako edo 1,391 perimetroa dutenak ebaki behar dituzte.
Parte hartzaileen artean beteranoena Berueteko Jose Juan Barberena izan da 50 urterekin, eta gazteena, Etxarri-Aranazko Floren Nazabal, 37 rekin.
Mindegiak txapelketa honetan parte hartu behar zuen, baina min hartuta dagoenez, Floren aritu da bere ordez.
Sei enbor kana erdiko eta sei 60 ontzako ebaki behar izan dituzte.
Azken emaitza honakoa izan zen:
1. Floren Nazabal eta Antonio Senosiain 21:51:29
2. Donato Larretxea eta Jose Juan Barberena 22:09:27
3. Juan Jose Lopez eta Daniel Vicente 26:43:16
Behin froga guztiak jokatu zirenean, 1. mailako arpana txapelketan aritu ziren bikoteek abiadurakoa izan zuten. Kasu honetan, ez zen txapelketa, baina urdai azpiko ederra eramango zuen bikote irabazleak. Denak batera hasi, eta azkena geratzen zena kanporatzen zuten, horrela bi bikote geratu ziren arte. Azkenan Iraizozko txapeldunak eta Sunbillako Mikel Bertiz eta Arraiozko Xabier Urrutia geratu ziren eta gure eskualdeko bikoteak, berriz ere etxera eraman zuen saria. Ez zeuden gustura lehian egin zuten denborarekin, baina gutxienez, sari hori erdietsi zuten.
Txapelketa guztietan erabili zuten egurra, pago egurra izan zen, eta kalitate onekoa izan zela aipatu zuten kirolariek.
Igandean epaile lanetan aritu ziren Sebas Sanchez, Angel Telletxea, Koldo Martinikorena, Xabier Arraras eta Oskar Barber.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun