Iparraldeko Joku Torneoaren garaipen aunitz gelditu dira eskualdean

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 9a

Uztailaren 1ean Orbaitzetan jokatu zen Iparraldeko Joku Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldia, eta orduan erabaki zen sailkapen orokorra ere. Eskualdeko parte-hartze zabala izaki, garaipen aunitz etorri da ingurura. Koxkor biltzen, Orbaitzetan parte harte ez bazuen ere, bi denborarik onenak kontutan hartzen direnez, Fernando Etxegarai beratarrarentzat izan zen garaipena. Patxi Irazoki igantziarra eta Iñigo Lasaga etxalartarra, laugarren eta bosgarren gelditu ziren, hurrenez hurren. Ingude altxatzen, Xabi Sein igantziarrak izan zen irabazle, iaz bezala, Carlos Seinen aitzinetik. Lazaro Bujan leitzarra hirugarren gelditu zen, eta Igor Lasaga beratarra, berriz, laugarren. Harri altxatzen Leitzan gelditu zen txapela, Josetxo Urrutiarentza izan zen. Sunbillako Unai Bertiz, berriz, hirugarren postuan gelditu zen. Lasto altxatzen ere Xabi Sein igantziarra izan zen garaile, Iñaki Bereau, Oskar Telletxea eta Carlos Sein herritarren aitzinetik. Zakularien lasterketan ere Igantzira joan zen garaipena, Iñaki Bereau, Oskar Telletxea eta Eneko Mitxelenak osatutako hirukotearentzat, hain zuzen. Azkenik, txingak eramaten, Julen Txoperena igantziarrak irabazi zuen, Oskar Telletxea herritar eta iazko txapeldunaren aitzinetik. Josetxo Urrutia leitzarra seigarren sailkatu zen, eta Unai Bertiz sunbildarra zazpigarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun