«Aspek badaki ni ongi baldin banago jendea frontoira joanen dela»

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 9a

TTIPI TTAPA

«Udarako partida aunitz paratu dizkidate, eta urtean guttienez 50 partida jokatu beharko ditut. Nik uste baino kontratu hobea sinatu dut»

• Bi urteren ondotik, Ordago utzi eta Aspe enpresara itzuli da Mikel Goñi Oronoz-Mugairiko pilotaria. Bi urte eta erdiko kontratua sinatu du Fernando Bidarteren enpresarekin.
• Eibarko Astelena jendez beteta zegoela ‘debutatu’ zuen ekainaren 24an. Lasa III.a lagun zuela, Eugi eta Laskurainen kontra aritu zen. 22 eta 17 galdu zuen. Huts aunitz egin zituen, baina itxura ona eman zuen.
• Asperekin hasi ahal izateko prestakuntza fisiko gogorra egin behar izan du, eta 18 kilo galdu.

Zer erran nahi du zuretzat Asperekin berriz kontratua sinatzeak?

Niretzat poz haundia da berriro elitean egotea. Pilotari guztien ametsa da Aspe edo Asegarcerekin debutatzea, eta nik berriz egitea lortu dut. Aukera berri hau, bigarren debuta izan da niretzat.

Nolatan etorri da kontratua?

Nire inguruko jendea izan zen Fernando Bidarterengana joan eta bertze aukera bat emateko eskatu zuena. Aspeko zuzendariak proposamena onartu zuen, baina horretarako prestaketa fisiko bat agindu zidan: egunero entrenatzera joateko exijitu, euren aginduak betetzeko eskatu, pisua galdu... Aspeko entrenatzaile baten laguntzarekin, pixkanaka eskatutakoa egitea lortu dut, 18 kilo galdu ditut. Eurek ere badakite ni ongi baldin banago, jendea frontoira joanen dela. Nik eskertzen dut hori, baina eurek, enpresa bezala, badakite hor gantxoa dagoela. Nolakoa izan da azken lau hilabeteotan egin duzun prestaketa? Gehienbat prestaketa fisikoa izan da. Hasierako hilabete eta erdian, lasterka aunitz ibili behar izan nuen, gutti jan, serieak aunitz... Orain pesak egiten ere ari naiz. Frontoian, berriz, orain hilabete eta erdi hasi ginen. Zailena abiadura hartzea izan da niretzat, goi mailan, Aspen, bertzelako abiadura dutelako, pilotak ere zakarragoak dira eta horretara ohitzea izan da zailena. Baina lan haundia egin dut fisikoki eta ongi ikusten dut nire burua.

Zein helburu dituzu heldu den urteei begira?

Zuhurtasunez jokatu nahi dut, eta leku gutti dagoen arren, txapelketa nagusietan parte hartzea gustatuko litzaidake. Edozein txapel jantziko nuke gustura. Nafarroako lau t’erdikoa badut, baina bat aukeratzekotan buruz burukoa irabaztea gustatuko litzaidake. Horixe da pilotari guztion ametsa. Halere, edozein dela ere, gustura hartuko nuke. Poliki-poliki egin nahi ditut gauzak, aitzinera begiratuz.

Zer moduzkoa da sinatu duzun kontratua?

Nik uste baino hobea izan da. 2009ko abendua bitarteko kontratua egin dut eta gustura nago. Uda honetara begira partida aunitz paratu dizkidate, eta urtean guttienez 50 partida jokatuko ditut. Ez dut inongo presarik, bi urte eta erdiko kontratua da, eta lasai-lasai egin nahi ditut gauzak. Baldintzen aldetik, aitzinekoekin konparatuz baxuagoak badira ere, hagitz kontent atera nintzen Eibartik. Proposamen ona egin zidaten eta segidan sinatu nuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun